Hamargarren edizioa irailaren 14tik 17ra bitartean izango da, Bitakora lelopean.
Arte diziplina ezberdinen bidez, Errenteria munduko kulturen arteko elkarrizketez betetzen duen musika jaialdia eta kultur topaketa da Atlantikaldia. Aurten, urteurrena du gainera, “hamar urte beteko ditu Atlantikaldiak irailean. Norabide jakin batekin abiatu zen jaialdia; aniztasunean eta elkarbizitzan oinarritutako kaleko jaialdi gisa jaio zen eta balio hauei eusteaz gain, ibilian ibiliz ikasitakoarekin gorpuztu dugu berezko nortasuna duen hitzordua”, adierazi du Aizpea Otaegi herriko jarduneko alkateak.
Bitakora da aurtengo jaialdiaren leloa. Itsas ibilbide luzeetan, marinelek erabiltzen
zituzten bidaia-koadernoak dira bitakorak eta Atlantikaldiak ere orrialde asko idatzita dituela jada nabarmendu du Otaegik. “Ideia horretatik abiatuta sortu dugu aurtengo leloa. Indartsu iritsi da jaialdia bere hamargarren ediziora eta bere bidaia-koadernoan orrialde berriak idazten jarraitzeko bidelagun ezin hobeak ditugu: sortzaile, eragile eta publikoarekin batera segituko dugu gure bitakora idazten”.
Maite Gartzia jarduneko kultura zinegotziak, bere aldetik, programazioa osatu eta aberasteko eragileek egin dituzten proposamenak eskertu nahi izan ditu: “Herriko eragileen inplikazioa oso garrantzitsua da jaialdiarentzat; izan ere, herritik sortzen diren ekarpenek asko baitute gure herriaren izaera eta balioetatik, eta Atlantikaldiak horren guztiaren isla izan behar du”.
Jaialdiaren lantaldea, bideragarri jo dituen proposamenekin, diziplina askotariko
egitaraua osatzen ari da orain: musikak, gastronomiak, dantzak, erakustaldiek, kaleko arteek, kirolak… Lehendakari Agirre Plazan, Panier orubean, Herriko Plazan eta Foru Plazan kokatutako gune nagusietan tokia izango dutela azaldu du Gartziak.
Programa osoaren berri izateko irailera arte itxaron beharko bada ere, musikari
dagokionez eszenatokira igoko diren lehen artisten izenak aurreratu ditu Josean Ruiz de Azua jaialdiaren zuzendariak: Rodrigo Cuevas (Asturias), Femina (Argentina), Aywa (Magreb), Nidia Gongora (Colombia), Bia Ferreira (Brasil), EDE (Madril), Rebeca Lane (Guatemala) eta Olaia Inziarte (Euskal Herria). Bere esanetan, “publiko guztientzako jaialdia izan nahi du Atlantikaldiak eta musika eskaintza ere horrelakoa da: anitza eta koloretsua”. Gainera, guztiak ere kalitate handiko musikariak direla azpimarratu du zuzendariak.
Halaber, jaialdiak hasieratik egin duen sorkuntzaren aldeko apustuari jarraiki, aurten ere ez dira faltako Itsas Elkarrizketak. Jatorri anitzetako sortzaileak harremanetan jartzea du xede ekimen honek, inoiz batera taularatu gabeko emanaldiak lehenengoz Atlantikaldiako publikoari eskainiz. Elkarlan hauek jaialdiaren bereizgarri nagusienetako bat bilakatu dira. Horien berri ere irailean emango dute.
Hau horrela, irailaren 14tik 17ra arteko datak gordetzera dei egin die herritarrei, baita Atlantikaldia Jaialdiaren berri guztiak sare sozialen nahiz webgunearen bidez jarraitzera ere. Horiek izango dira programazioaren informazioa emateko bideak.