(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Bertsolaritza ondare immaterialeko kultur ondasun izendatuko dute EAEn

Frantziako Kultura Ministerioak kultura-ondare immaterialaren katalogoan sartu zuen iaz Bertsolaritza eta Nafarroak 2018an.

Bertsolaritza ondare immaterialeko kultur ondasun izendatuko duela iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Izendapen ofiziala datozen hilabeteotan egingo dutela adierazi du Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak eta azaldu duenez, “bertsolaritza ondare inmaterialaren adibiderik argiena da: belaunaldiz belaunaldi komunitateak transmititzen, babesten eta aitortzen jakin duen adierazpen bizia da”. Ezaugarri hauek eta arte honen iragankortasuna kontutan hartuta, Jaurlaritzak Kultura ondare inmaterial izendatuko duen lehen elementua izango da bertsolaritza, bere babesa eta transmisioa bultzatzeko.

Gaur egun ez da bertsolaritzaren jatorri zehatza ezagutzen. Nahiz eta adituek Erdi Aroan edota historiaurrean kokatu, lehen aipamen idatzia 1452ko Bizkaiko Foruetan agertzen da. Hala ere, XVIII. mendearen amaierara arte itxaron behar da erreferentzia zehatzak lortzeko. “Bertsolaritza oinarrizko komunikazio-modua da eta belaunaldiz belaunaldi transmititu da une bakoitzeko zirkunstantzietara egokituz. Hizkera arruntaren oso antzekoa, bat-batekotasuna, baliabide erretorikoak eta errealitatearen ezagutza eskatzen ditu eta gaur egun une onean dagoen arren, desagertzeko etengabeko arriskuan dagoen elementua da, inprobisazioan oinarritzen denez, saio bakoitza bakarra eta errepikaezina delako. Ezaugarri hauek bat datoz babes zabala lortu zuen 2019ko Euskal Kultura Ondarearen Legean ageri den kultura ondare inmaterialaren definizioarekin”.

Frantziako Kultura Ministerioak kultura-ondare immaterialaren katalogoan sartu zuen iaz Bertsolaritza eta Nafarroak 2018an.

Zabaldu: