Gasteizko ‘Berdearaba’ argazki-erakusketa zabalik da

Berdearaba argazki-erakusketa ireki dute Gasteizko Independentzia kalean, Arabako lurraldean sustatutako hamar jarduera berriztatzaile eta jasangarriak ezagutarazteko asmoz.

Proiektua Fotogasteiz hiriko argazkilarien elkarteak sortu du eta martxoaren 10era arte martxan dagoen Asteklima, EAEko Klima-aldaketaren astearen jardueretako bat da.

Erakusketa hilaren 9ra arte Independentzia kalean egongo da; Horren ostean, Loma jeneralaren plazan ikusteko aukera egongo da martxoaren 14ra arte.

“Istorio horien protagonistak jakitun dira keinu txikiek mundua aldarazten dutela. Haien jardunak eredu izan badira”, adierazi du Berdearaba Kontzientziako zuzendari Gustavo Bravok.

Javier González de Martínen eskutik esaterako, Toloño mendilerroko Tradiziozko erlezaintza jasangarria ezagutzeko aukera ematen du erakusketak. Bionekazaritza Arabako Nekazari eta Abeltzain Ekologikoko elkartearen eskutik berriz, sasoiko nekazaritza ekologikoa ikusteko aukera dago. Bitartekaririk gabeko abeltzaintza ekologikoa Alfredo Alonsok ordezkatzen du; zortzi urtez behiak eta behorrak Villambrosan hazarazten diharduen abeltzaina. Añuako Iñaki Ezeizaren eskutik, ahuntz-esneaz egindako artisau gaztandegia ezagutzeko beta ere eskaintzen du erakusketak. Gasteizko Jundiz industriaguneko A&B Laboratorios de Biotecnología-ren bitartez, berriz, Industria-ekologia proiektu  bat ezagutzera ematen da. Geograma enpresako langileen artean, CO2 isuriak murrizteko bizikletaren erabilera sustatzeko proiektuak Emisiorik gabeko mugikortasuna ordezkatzen du. Samaniegoko Ostatu upategiak ardo-upategi ekologikoaren jarduna erakusten da. Gesaltza Añanako gatzaren ekoizpen tradizionala ere ikusgai dago eta Artefruta fruta-dendaren plastiko gabeko komertzioa, eta Araiako Bioarkitektura enpresa ikus daitezke.

Zabaldu: