Maria Orcasitas eta Andrea Perales irakasleek eta Angela Garcia marrazkilariak Errebelde 50 bider bilduma argitaratu dute.
Txikitatik entzuten ditugu istorioak. Gazteluetan dauden printzesen istorioak, umeak jaten dituzten sorginenak… baina sarri askotan beren komunitatean eta komunitatearentzako lan egin duten emakumeen historiak falta zaizkigu, emakume errealak, eredugarriak, erreferenteak direnak. Maria Orcasitas eta Andrea Perales irakasleek eta Angela Garcia marrazkilariak Lehen Hezkuntzarako material didaktikoa prestatzen ari zirela, emakumeen ordezkarritasunean hutsune bat zegoela ikusi zuten eta hori izan zen, hain zuzen ere, Errebelde 50 bider (Erein) liburua idazteko abiapuntua.
Egileak hainbat esparrutako emakumeen ahotsak eta lanak batzen saiatu dira bilduma honetan. Hasiera batean gazteentzako liburua osatzea zen euren asmoa, baina denborarekin, edonorentzat interesgarria izan daitekela konturatu dira.
Azaldu dutenez, emakume erreferenteak topatzea ez omen da zaila izan, 50 bakarrik aukeratzea baizik. “liburua egiten genbiltzala emakume asko deskubritu ditugu eta agian beste liburu baterako ere eman dezake”, material asko bildu dute sorkuntza prozesuan.
Liburuak, komunitatean bizi eta pentsatzen duten emakume borrokalari, ausart, eraldatzaile eta langileen historiak ezagutzera ematen dira. Emakume hauek historia aldatzera iritsi dira beren aurkikuntza, erronka eta pentsatzeko eta egiteko era iraultzailearekin. Emakume errebeldeen historiak dira denak.