(argazkia: Kaleka)

Uztailaren 7tik 9ra egingo da Lekeitioko Kaleka antzerki jaialdia

Guztira udalerri osoan zehar banatuko diren 11 ikuskizun taularatuko dira.

Kaleka, Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiaren 33. Edizioa, bueltan da, “kale arteak bizirik daude eta urtetik urtera indar gehiago dute. Habiatik ateratzeko ordua heldu da, hegan egin eta erakusleiho berrietara heltzeko unea. Badatoz, gero eta hurbilago daude, zerua zeharkatu eta Lekeitioko kaleetan barrena izango ditugu laster·, adierazi du antolakuntzak.

Aurtengoan hamaika izango dira Lekeitioko kaleetan zehar ikusi ahal izango diren ikuskizunak, herriko gune esanguratsuenetara zein ezezagunagoetara kale arteak eramanez. Portugal, Herrialde Katalanak eta Euskal Herriko beste txoko batzuetatik etorritako konpainia eta kolektiboak izango dira, besteak beste. “Haien lanetan kale arteetako alor desberdinak landuko dituzten ikuskizunak izango ditugu, besteak beste, antzerkia, kalejirak, clownak, piroteknia, sormena sustatzeko espazioak edota gogoeta eragingo digutenak”. Guzti hauek uztailaren 7, 8 eta 9an ikusi ahal izango dira.

Antolakuntzak gogoratu duenez, aurten ere “jaialdian parte hartuko duten konpainia eta kolektiboak deialdi zabal baten bitartez aukeratu dira. Guztira 406 ikuskizun aurkeztu ziren edizio honetara eta horietatik hamar izan dira aukeratuak. Gainera, garapen edo sorrera prozesuan dauden konpainia baten lana ere izango dugu. Hau da, guztira hamaika ikuskizunez osatutako jaialdia izango da”.

Era berean, azken urteetan egin den bezala, 33. ediziorako ere proposamenak hiru atal nagusitan banatuko dituzte: Kaleka Ofiziala, Kaleka Scratch eta Kalekaz Blai.

Kaleka Ofizialak hainbat formatu lantzen dituzten konpainia eta kolektiboen lanak bilduko ditu. Aurten Haatik, Trapu Zaharrak eta Lekittoko Deabruak bezalako konpainia euskaldunak hartuko ditu bere barnean atal honek. Baina baita Xa Teatre, Holoqué, David Cebrián, La Tal, 7 Bubbles eta PIA kanpoko konpainiak ere.

Kaleka Scratchek, berriz, garapenen edo sortze prozesuan dauden lanak bilduko ditu, kulturgile eta ikusleen arteko elkar trukaketa garatzeko espazioak eskainiz. Edizio honetan, Cía Trotamundos konpainia bizkaitarraren obra izango da atal honetan.

Amaitzeko, Kalekaz Blai atalak esperimentazioarekin eta ikusleen parte hartze zuzenarekin lotutako ekimenak hartzen ditu bere barnean. Edizio honetan, Baychimo konpainiaren Versos que anidan izango da. Poesia-instalazio honek hitzak ohiko espazioen mugetatik aldenduko ditu, literatura bere idatzizko eta ahozko ingurunetik espazio, ikusmen, gorpuzki eta soinuaren eremura zabaltzea da.

Egitarau osoa, hemen.

Zabaldu: