(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Gazteentzako Bertso Udalekuak ate joka

Uztailaren 8an hasiko dira 2023ko Bertso Udalekuak Amaiurren. Ondoren, uztaila bukaerara arte txandaz txanda elkartuko dira bertsozale gazteak Irañetan, Zuhatzan eta Larraulen. Guztira 194 partehartzaile izango dira aurtengo edizioan.

Bertsozaleak diren gazteenen ezinbesteko hitzordua dira Bertso Udalekuak, horregatik, Bertsozale Elkarteak aurtengoan ere adin desberdinetako gazteentzat antolatu ditu. Elkarteko kideek adierazi dutenez, “izen-ematea zabalduta egun gutxitan bete ziren leku guztiak”. Hala, Euskal Herriko herrialde guztietako eta Diasporako 163 gaztetxok eta 31 hezitzailek hartuko dute parte aurtengo Bertso Udalekuetan.

Udalekuetako parte hartzaileen %80a bertso-eskola bateko kideak direla nabarmendu du Bertsozalek eta behin Zuhatzan Bertso Udalekuak lehen aldiz probatuta, ondorengo txandetan partaideen %75 dira Bertso Udalekuetara etortzea berriz hautatu dutenak.

Aurtengo txandak

9 eta 18 urte bitarteko gaztetxo eta gazteak elkartuko dira uztailean zehar txanda desberdinetan. 16 eta 18 urteko bitarteko gazten egonaldia izango da lehena, Amaiurren egingo da uztailaren 8tik 17ra. Hau bukatu eta hurrengo egunean ekingo zaio Irañetako udalekuari, eta han izango dira 12 eta 13 urte bitarteko gazteak uztailaren 24ra arte. Uztailaren 24tik 28ra, berriz, 9 eta 11 urte bitartekoen txanda izango da, hauek Zuhatzan egingo dute euren egonaldia. Azkenik, 14 eta 15 urte arteko gazteak Larraulgo aterpetxean elkartuko dira, uztailaren 25etik 31ra.

Zabaldu: