Itziar Ituño, antzinako sorgin gisa jantzita, da aurtengo Donostiako Beldurrezko Asteko kartel ofizialeko protagonista

Urriren 27tik azaroaren 3ra egingo den edizioan sorginak dira Asteko protagonistak, eta bere kartel ofizialak ere gorazarre egiten die. Ituñok sorgina dual bat hezurmamitzen du, argitsua eta iluna, boteretsua eta bihozbera aldi berean.

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemako antolatzaileek sorginei protagonismo nagusia ematea erabaki dute 34. edizio honetan eta kartel ofizialean ere jaso nahi izan dute protagonismo hori. Horretarako, Itziar Ituño euskal aktorea aukeratu dute eta sorgin dual bat hezurmamitzen ageri da, “argitsua eta iluna, boteretsua eta bihozbera aldi berean”, azaldu dute.

Nerea Torrijos buru duen taldeak sortu du kartela eta jantziak ere berak

diseinatu ditu. Azaldu duenez, “sorginaren irudikapen topikoenetatik ihes egin nahi izan dugu, magia atzitu nahian”. Hala, Tarot karta itxurako diseinuak aspaldiko esentzia sotilagoekin konektatu nahi du, orakulu grekoekin, arkanoekin… bi magien indarra bilduta. Argazkiaren egilea Marta Fresnillo izan da eta kartelaren diseinua Alive VFX & Design estudioak egin du. Kartela Sorginak-Bruixes leitmotivaren barruan kokatzen da, TerrorMolins zinemaldiarekin partekatua eta duela egun batzuk iragarria, eta bertan sartzen dira Bruixes – Sorginak – Brujas, Borja Crespok komisariatutako  Akelarre ilustratua izeneko erakusketa eta Elisa McCauslandek eta Diego Salgadok idatzitako Beso negro: Brujería, cine y cultura pop liburuaren edizioa.

Zabaldu: