Euskal Herri osoko bilduma publiko eta pribatu askotan identifikatutako 1.000 euskal autokromo baino gehiagoren arteko 225 argazki bildu dituzte erakusketarako. 2024ko urtarrilaren 14ra arte bisitatu ahal izango da erakusketa Baionan. Ondoren, Bilboko Euskal Museora egingo du jauzia.
Euskal Herria Koloretan. Autokromoak, 1907-1935 izeneko erakusketa Baionako Euskal Museoak eta Bilboko Euskal Museoak sortu eta ekoitzi dute eta koloretako ibilbide ezezaguna proposatzen du XX. mendeko lehen hamarkadetako Euskal Herrian zehar. Ipar eta Hego Euskal Herriko bilduma publiko eta pribatu askotan identifikatutako 1.000 euskal autokromo baino gehiagoren arteko 225 argazkiko hautaketa bat jasotzen du.
Antolatzaileen esanetan, “autokromoa modu industrialean ekoitzi eta nazioartean hedatu zen koloretako lehen argazki-prozedura da. Kolorea hiru koloretako sare batetik hartzen du. Sare hori gorri-laranja, berde eta urdin-morez tindatutako patata-fekulazko ale mikroskopikoz osatuta dago, eta aleak beirazko plaka baten gainean daude banatuta”. Diotenez, prozeduraren arrakasta berehalakoa izan zen, eta milioika plaka sortu ziren 1907.urtetik 30eko hamarkadara arte.
Erakusketa honen abiapuntua 2009an Baionako Euskal Museoko bildumetan aurkitutako autokromo sorta batean dago. “Zuri-beltzeko irudiak nagusi ziren garaian kolorearen presentziak eskaintzen duen hurbiltasuna ikusita, Jacques Battesti Baionako Euskal Museoko teknikariak ikerketa bat abiatu zuen Ziortza San Pedro eta Aloña Intxaurrandieta Bilboko Euskal Museoko teknikariekin batera.
Erakusketa hiru zatitan banatzen da: Lehena, argazkilaritzan kolorearen ikerketaren historiari eskaintzen zaio, bai eta autokromoari ere, honen alde teknikoei, hedapenari eta erabilpenari Euskal Herrian (estetikak, dokumentalak, artxiboak). Bigarrenak lehengo mundua miatzen du garaiko aktibitateen, haren ingurune eta ingurumenaren bitartez. Azkena, mende honen lehen herenean hasitako aldaketekin aurkezten da, itsasbazterren bilakaera bizitegien biderketaren eraginez, aisialdien garapena, hirien hedatzea.
Identifikatutako irudien erdia baino gehiago 1909an Albert Kahn bankariak hasitako munduko atlas bisual bat sortzeko asmo handiko proiektutik datoz: Planetako Artxiboak. 1931. urtera arte, bere operadoreak munduan zehar ibili ziren lurralde bakoitzeko elementu adierazgarrienak bilatuz: paisaiak, jarduerak, arkitektura, etab. Auguste Leon Bordeleko argazkilaria hiru aldiz egon zen Euskal Herrian 1924. eta 1928. urteen artean. Bere egitekoa bertako bizimoduaren elementu bereizgarriak biltzea zenez, Baionako Euskal Museoa ezinbesteko geldialdia izan zen. Hala, Archives de la Planète osatzen duten 72.000 autokromoetatik 600 irudi inguru Euskal Herrian hartu ziren.
Bilduma horretaz gain, kontsultatutako 30 funts baino gehiagoren artean Société Française de photographie-tik (SFP), Tomas Acillona y Uria argazkilariaren bilduma pribatutik edo Lhaulé bildumatik lortutako irudiak nabarmentzen dira.
2024ko urtarrilaren 14ra arte
Sabine Cazenauve Baionako Euskal Museoko zuzendariak iragarri duenez, erakusketa 2024ko urtarrilaren 14ra arte egongo da zabalik Lapurdiko hiriburuan, eta, Bilbon, berriz, arkitektura- eta museografia-lanaren ondoren museoak berriro ateak irekitzen dituenean.
Erabateko berrikuntzan murgilduta dagoen Bilboko Euskal Museoarentzat, “lankidetza hau aukera paregabea da bere funtsezko helburuetako bat lantzen jarraitzeko, alegia, beste erakunde batzuekin loturak sortzeko, euskal kultura zabaltzeko”, azaldu dute. Horiek horrela, Baionako Euskal Museoarekin aurretik egindako elkarlanen ondoren, hala nola Paperezko jantziak (2004) eta Gernika (2007), Euskal Herria Koloretan. Autokromoak, 1907-1935 erakusketak Euskal Herri osoko historia zaintzeko eta zabaltzeko ardura duten bi museo hauen arteko harremana indartzen du. Sorkunde Aiarza Bilboko museoko zuzendariak nabarmendu duenez, “funtsezkoa iruditzen zaigu testigantza hauek gaur egun ikusi ahal izatea. Horregatik, bi museoen arteko lankidetza aparta eta berezia da Bilboko Euskal Museoarentzat. Elkarlan honek ikerketa-ahalegin handia ekarri du, eta oso harro gaude horretaz”.