(argazkia: Euskaltzaindia)

Euskal poeten lana jendarteratzea helburu duen egitasmoa Lekeition

Irailaren 30ean eta urriaren 1ean izango da Irailekoak izeneko egitasmoa, Lekeitioko hainbat lekutan. Egitarauaren zehaztasunak irailean agertuko ditu Euskaltzaindiak.

Lekeitioko herria poesiaz blaituko du Irailekoak egitasmoak irailaren 30ean eta urriaren 1ean. Euskaltzaindiak, literaturari dion atxikimendua adierazte aldera, poesiari eskainitako asteburu bat antolatuko du estreinakoz Bizkaiko kostaldeko herri horretan. Lekeitioko Udalaren babesarekin egingo du, eta herriko eragile batzuekin elkarlanean; tartean, Kitto merkatarien elkartea, Sociedad Recreativa eta Lekitto Musika Banda.

Egitaraua irailean bertan aurkeztuko du Akademiak, baina egitasmoaren nolakotasunak ezarrita daude: Euskal Herri osoarentzat antolatuko da, poesiak bere toki-denborak izan ditzan gure artean, eta, era berean, Euskal Herrian antolatzen diren orotariko literatura jardunaldien egutegia osatu nahi du jaialdi berriak. Horretarako, Euskal Herriko olerkarien eta beste bazter batzuetako poeten lanak hauspotu eta aztertuko dira Irailekoak jaialdian.

Azaldu dutenez, “Irailekoaken euskal poeten lana gizarteratu nahi da, bai hitzaldien bidez, bai irakurraldien eta errezitaldien bidez”. Halaber, beste bazter batzuetako poetek ere parte hartuko dute: hasteko, katalanez idatzitako poesia garaikideko ahots esanguratsuak. Poesiarekin batera, beste adierazpide batzuk uztartuko dira, hala nola musika eta artelanak.

Jarduera gehigarriak

Lekeition poesiari presentzia handiagoa emateko, garai eta geografia askotako egileen bertso-lerroz jantzi dira herriko hormak eta erakusleihoak. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, Jose Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suarez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarnik-en bertsoak erakutsiko dira.

Gainera, eta iraileko egun horietan egindakoaren lekukotza jasotzeko, Iraileko paperak aldizkaria plazaratuko da, oroigarri intelektual-poetiko gisa. Aldizkaria jaialdian parte-hartuko duten poeta eta ikusleen artean banatuko da.

Bestalde, Irailekoak egitasmoaren irudia Marina Suarez Ortiz de Zarate artista eta antzerkigile arabarrak diseinatu du.

Zabaldu: