[Bideoa] Jon Maiak zuzendutako ‘Kastellanuek’ dokumentala sarean ikusgai

Francoren diktadura garaian bizi hobeago baten bila Azpeitira etorri ziren migranteen testigantzak jasotzen dituen dokumentala da.

Kastellanuek dokumentala ikusgai jarri du sarean Azpeitiko Udalak. Iaz estreinatu zen Jon Maia bertsolariak zuzenduriko dokumentala. Francoren diktadura garaian bizi hobeago baten bila Azpeitira etorri ziren migranteen testigantzak jasotzen dituen dokumentala da honakoa.

Azpeitiko Udalaren ustez, “hamarkada asko eta euri asko egin du Espainiatik, Extremaduratik, Errebalera lehen migrante haiek iritsi zirenetik. Baina atzera begiratu, memoria, aitortza eta bizitakoa plazaratzeko momentua da. 50. eta 60. hamarkadetan, ehunka izan ziren Estatu espainiarretik hainbat txokotatik Euskal Herrira, tartean Azpeitira, bizi hobeago baten bila etorri zirenak. Gerra galdutakoak ziren, lanera zetozenak. Hutsetik bizi berri bat eraiki nahi zutenak. Hasierak ez dira errazak izaten, eta kontraste kulturak zein hizkuntzarenak ez zuen hasiera hura errazagoa egin”.

Azpeitiko Udalaren enkarguz Jon Maiak osatu zuen iaz Kastellanuek dokumentala, eta 20 bat lagun elkarrizketatu zituen horretarako. Egileak Hitzokei Eitbko telebista saioan adierazi zuenez, “Euskal Herrira bizitzera, eta kasu honetan Azpeitira, bizitzera etorritako migrante horiek ere gure herrietako errelatoan sartzea da asmoa”. Izan ere, “zer da zumaiarra izatea edo zer da azpeitiarra izatea? Inori ez zaio burura etortzen Extremadurako norbaiten perfila, edo jende horren historia, baina horiek ere badira”. Beraz, lanaren helburua elkar ezagutzea, historia partekatzea eta herriko historian behingoz integratzea da.

“Garai zailetan, lan eta bizitza hobeago baten bila etorri ziren Azpeitira. Inoiz ez da erraza dena atzean utzi eta bizi berri bat, inguru berri batean eta hizkuntza ezezagun batean hastea. Ehunka izan ziren Azpeitira, lanera, etorritakoak. Xanjuandegira etorri ziren gehienak. Batzuk denborarekin itzuli egin dira beren sorterrira, baina asko dira bertan errotu direnak ere; azpeitiarrak direnak”, azaldu zuen Maiak.

Hasierak ez direla inoiz errazak izaten ere aipatu zuen egileak  eta “askotan, erraz ere ez diegu jarri”, nabarmendu zuen elkarrizketan. Dokumentalean ere gauza “ederrak bezain gaziak” agertzen dira, “zer pentsatua ematen duten adierazpen eta azalpenak. Baina elkar ezagutuz, gerturatuz eta zubiak eraikiz, Azpeitia deituriko herri eder bat eraiki dugu”. Memoria ariketa egin nahi dutela esan zuen Maiak, “hasieran esan bezala, aitortza bat egin nahi diegu. Azpeitiak migranteei lekua eskaini zien, eta herriaren historian eta aniztasunean beren alea jarri dute beraiek”.

Maiak lan hau “mimoz egitea besterik” ez zuela azaldu zuen, izan ere, bere familiaren historia ere bada, beste milakarena bezala. “Nire bizitzan beti oso presente izan dudan gaia izan da migrazioa Euskal Herrian”. Gerra galdutako migranteak gerra hartu zuen herri batera etorri zirela azpimarratu du. Lanera. “Gaur egungo migranteek baldintza zailak bizi badituzte, pentsa gerra galdutako haientzat”, zehaztu zuen.

Dokumentalarekin betiko estereotipo edo klixeekin apurtzea bilatu du Maiak. “Historiaren pasarte hori ezagutzeko balioko dio askori dokumentalak. Iraganetik ikasi eta etorkizunerako adostasunetarako oinarri gisa”.

Ilusio handiz osatutako lana da Maiarentzat, “beti izan dut buruan horrelako zerbait egitea, Euskal Herriko txoko ezberdinetako migranteekin, baina Azpeitiko Udala aurreratu da, eta herriko testigantzen bilketa egin dut. Beste Azpeitia bat, beste errelato bat ezagutzeko aukera eskaintzen du. Azpeitia bernean dagoen baina gaur egun oraindik gehiengoarentzat ezezaguna dena”.

Dokumentalak ordu eta erdi inguru irauten du, bertan 20 bat pertsonaren bizipenak agertzen dira, tartean Quintana de la Serenako alkatearenak, baita garai hartako Azpeitiko artxiboko irudiak ere zein Quintana bertakoak ere, Maia, bertan izan baitzen hainbat grabaketa egiten. “Urte askoren ondoren, gure abuela eta abueloei zein aita-amei omenaldia egiteko momentua da”.

Azpeitiko eta azpeitiarren bizipenak badira ere, euskal herrietan bizitakoaren isla direla azpimarratu du egileak, eta bertan egiten diren hausnarketak herri guztietarako balio dutela.

Zabaldu: