Berrikuntza gisa, aurten, IX. EZAE Saria emateko ekitaldi berean, I. Gure Zinema Saria jasoko du Cinco lobitos filmak, euskal zinema-sektoreari egindako ekarpenagatik eta kritikaren zein publikoaren aldetik jasotako harrera bikainagatik.
- EZAE Saria jasoko du, 2022an EAEko zine-aretoetara publiko gehien erakarri zuen euskal partaidetzadun ekoizpena izateagatik. Sari-banaketa ekitaldia irailaren 23an izango da, Donostiako Zinemaldian.
Hamabost zinema eta 80 areto biltzen dituen EZAE elkarteak aintzatespena emateko erabakia hartu du 2022an zinemetara ikusle gehien eraman zituen euskal partaidetzadun filma (Kowalski Films) izan zela egiaztatu ondoren. Pelikula Joaquin Mazonek zuzendu du eta aktoreen artean hainbat euskal izen nabarmentzen dira: Karra Elejalde, Lander Otaola, Maribel Salas, Gorka Aguinagalde, Karmele Aranburu, Santi Ugalde eta Iker Galartza, besteak beste.
2015eko Zinemaldian emandako lehen EZAE sariak Loreak pelikularen ibilbidea aitortu zuen. 2016an Amama izan zen sariduna; 2017an Juanba Berasategi zinemagileak hil osteko omenaldia jaso zuen; 2018an, Handia filma izan zen irabazlea, 2019an Dantza, 2020an La Trinchera Infinita, 2021ean Akelarre eta iaz Maixabel.
Gainera, berrikuntza gisa, aurten, IX. EZAE Saria emateko ekitaldi berean, I. Gure Zinema Saria jasoko du Cinco lobitos filmak, euskal zinema-sektoreari egindako ekarpenagatik eta kritikaren zein publikoaren aldetik jasotako harrera bikainagatik. Euskal Herrian egindako zinemaren indarra eta erakargarritasuna erakutsi nahi du aitortza horrek.
EZAE elkarteak azaldu duenez, “Gure Zinema duela urtebete sortu zen, hain zuzen ere, filmen ekoizpena posible egiten duten sektore guztiak batzeko asmoarekin, ideiaren lehen zirriborrotik hasi eta zinemetan proiektatu arte esku hartzen duten katebegi guztiak bateratzeko, hain zuzen ere”. Gure Zinema proiektuaren kide dira EAEko hiru ekoizle-elkarteak (Apika, EPE-APV eta Ibaia), EZAE, EiTB eta euskal zinemarekin loturiko gainerako eragileak, jaialdiak, kultur erakundeak eta elkarteak barne, hala nola aktoreena eta gidoilariena.