(argazkia: Elkar)

Idoia Rodriguezek irabazi du 2023ko EKE-Elkar literatura beka

Idazlearen proposamenak 15 urteko Euri izeneko neska gazte baten bizipenak, ametsak eta gogoetak fikziozko eguneroko batean jasotzen ditu, umorez jositako narrazio batean. Irabazleak 6.000 euroko laguntza jasoko du eta liburuak 2024ko udaberrian ikusiko du argia.

Euskal Kultur Erakundeak eta Elkar fundazioak Gazteluma literatura saria sortu zuten 2000. urtean, Ipar Euskal Herriko idazle gazteak euskaraz idaztera bultzatzeko eta beren obrak argitaratu ahal izateko. 2021ean literatura sorkuntza laguntzeko beka horrek aldaketa bat behar zuela ikusi zuten eta EKE-Elkar literatura beka sortu zuten.

Gazteluma bezala, oraingo beka ere bi urtean behin antolatzen da eta euskaraz idazten duten Ipar Euskal Herriko idazleei zuzenduta dago. Adinaren irizpidea, berriz, desagertu da. EKE-Elkar literatura beka honen beste ezaugarri nagusia literatura generoaren hautaketan datza. Eleberri edo ipuin bildumara mugatu ordez, bi antolatzaileek nahiago dute genero ezberdin bat proposatu edizio berri bakoitzarentzat.

Lehenengo edizioan, Adur Larrearen Lurbinttoko ohoinak komiki proiektuak irabazi zuen, bigarren honetan, berriz, Idoia Rodriguez Mondragonek aurkeztutako proiektua saritzea erabaki du Mirentxu Ibargaraik, Mayi Saint Estebenek eta Marie-Andree Ouretek osatutako epaimahaiak.

Aurtengo deialdirako hautatutako literatura generoa nerabeentzako narrazioa izan da eta epaimahaiak azpimarratu duenez, “kalitate handiko proposamenak aurkeztu dituzte”.

Epaimahaia lau irizpide zehatzetan oinarritu da hautaketa egiterako orduan: Narrazioaren kalitatea; euskara maila; gaiaren erakargarritasuna; eta aurkezpen orokorra.

Rodriguezen proposamenak 15 urteko Euri izeneko neska gazte baten bizipenak, ametsak eta gogoetak fikziozko eguneroko batean jasotzen ditu, umorez jositako narrazio batean. Idazleak 6.000 euroko laguntza jasoko du eta liburuak 2024ko udaberrian ikusiko du argia.

Idazle donibandarra  irakaslea ere bada, Euskara eta Letra modernoetan bi CAPES-duna, 2016an États de crise izeneko liburua plazaratu zuen. Baionako besten literatura lehiaketaren euskarazko saileko irabazlea ere izan da orain dela gutxi.

Zabaldu: