Bizkaiko bi erakundeek hainbat tailer eta bisita gidatu antolatu dituzte irailaren 27an, 28an eta 30ean eta urriaren 1ean.
Europako museo eta arkeologia zentro nagusiek osatzen duten Ice Age Museoen sareak hamar urte bete ditu aurten eta Bilboko Arkeologi Museoak eta Santimamiñek bat egin nahi izan dute efemeridearekin. Sarearen helburuak, besteak beste, jendeak Izotz Aroko ondarearen kontserbazioari buruzko kontzientzia hartzea, balorizazio-programak garatzea eta zientzia, kudeaketa, pedagogia eta kultura-turismoaren arloetan lankidetza sustatzea dira.
Bizkaiko bi erakundeek hainbat tailer eta bisita gidatu antolatu dituzte 10. urteurrenarekin bat eginez.
Arkeologi Museoak, esaterako, bisita bat antolatu du hilaren 28an museoko biltegietan. Honekin Bizkaiko aztarnategietako Izotz Aroko materialak katalogatzeko eta kontserbatzeko prozesua erakutsi nahi zaio bisitariari.
Gainera, irailaren 30ean, Arenatza kobazuloa (Galdames) bisitatzea aurreikusita dago. Haitzulo hau Bizkaiko historiaurreko aztarnategi adierazgarrienetako bat da eta labar-artearen adierazpen garrantzitsuak gordetzen ditu. Bisita Jose Luis Arribas arkeologoak gidatuko du.
Urriaren 1ean, berriz, Arkeologia egun batez izeneko familia-tailerra eskainiko da. Honetan parte-hartzaileek aztarnategi arkeologiko bat induskatu, iraganeko aztarna materialak berreskuratu eta haien izaeraren eta kronologiaren arabera sailkatu ahal izango dituzte.
Santimamiñeri dagokionez, irailaren 27an bisita gidatu bat antolatu da haitzuloaren atondoa eta erreplika birtuala ezagutarazteko, kobazulo honek gordetzen dituen historiaurreko pinturak miresteko eta formazio geologiko konplexuko bere galerietan barneratzeko.
Honetaz gain, urriaren 1ean Artistak Historiaurrean haurrentzako tailerra antolatu dute. Bertan, parte-hartzaileek duela 15.000 urte kobazuloetako hormak apaintzeko erabilitako teknikak ikasiko dituzte.