Urriaren 2tik 6ra bitartean bost dokumental ikusteko aukera izango da arratsaldeko 19:30ean. guztiak film luzeak izango dira eta sarrera librea edukiera bete arte.
Euskal Zinema Dokumentalaren Astearen IX. edizioaren eszenatokia izango da Vital Fundazioa Kulturunea urriaren 2tik 5era bitartean. Vital Fundazioak antolatutako ekimenak euskal profesionalek zuzendutako dokumental onenen aukeraketa bat eskainiko du. Emanaldiak 19:30ean izango dira egunero eta sarrera doan izango da edukiera bete arte. Urriaren 6an, berriz, Kuartangoko Lab antzokira egingo du jauzia zinemaldiak, “lurraldeko gainerako tokietan ere kalitatezko kultura jarduerak antolatzeko konpromisoa indartu nahi dugu”, nabarmendu dute Vital Fundaziotik.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “egitarauak gai ugari eta erakargarriak jasoko ditu. Lehen egunean, Fermin Muguruzaren Bidasoa 2018-2023 lana proiektatuko dute. Frantziak, 2018ko udan, Bidasoako muga piriniar-atlantiko naturaleko pasabide batzuetan ezarri zuen polizia-kontrolari eta itxierari buruzkoa da dokumental hau. Kontrol eta itxiera hark iragaitzazko etorkinen sarrera saihestea zuen helburu, eta urtebetean 10 heriotza eragin zituen. Dokumentalak, ibaiaren alde bateko eta besteko zenbait aktibistari ahotsa emateaz eta aurpegia jartzeaz gain, bizia galdu zutenak ere gogoratu nahi ditu, izena, adina eta ametsak jarriz, hildakoen zifra hotzen atzean ezkutatzen diren historia eta pertsonak ezagutzera emanez.
Asteartean, hilak 3, Iratxe Fresneda zuzendariaren Tetuan filmaren txanda izango da. Bizitza errealeko esperientzietan oinarrituta, Fresnedak bidaia pertsonal batean barneratuko gaitu. Honetan, iragana eta oraina esperientzia bisual ikaragarrian eta sentsorialean uztartuko dira; Danubioren ertz lasaietatik Madrilgo bizitza asaldaturaino, elkarri lotutako lau istorio elkartuko dira eta Tetuaneko misterioetan galduko dira.
Asteazkenean, Sergio Azkarateren Amaiur lana ikusteko aukera egongo da. Dokumental honetan, Ines eta Aritz, amona eta iloba, baserri berean bizi dira Eskoriatzan. Berta eta Maialen eskalada zale amorratuak dira. Mikel, aldiz, mendian egiten den edozein kirolen zalea da. Yoli eta Joseba, alpinistak ere bai, orain Gorbeiako aterpearen arduradunak dira, eta atseden pixka bat hartu nahi duen edonori ematen diote aterpea, abeltzainak, artzainak edo mendizaleak izan. Denek batera, mendiarekin eta naturarekin erlazionatzeko modu desberdinak erakutsiko dizkigute.
Josu Martinezen Mirande, film bat egiteko zirriborroa izango da protagonista urriaren 5ean, osteguna. XX. mendearen erdialdean, Jon Miranderen prosak erakutsi zuen euskara gai zela literatura landua eta unibertsala sortzeko. Denek onartzen dute haren garrantzia. Baina gai tabua da oraindik ere. Arrazista, pedofiloa, nazia, misoginoa, moralik gabea… zela esaten da berari buruz. Martinezek hitza eman dio.
Ostiralean, hilak 6, aurtengo edizioari amaiera emateko, Euskal Zinema Dokumentalaren Astea Gasteizetik irten eta Kuartangora iritsiko da. Bertan, Aitor Lopez de Aberasturiren Bidean Jarraituz dokumentala eskainiko dute. Bingen Mendizabal zinema-musikako konpositoreak Bernardo Atxaga idazlea ardatz duen dokumental baten soinu-banda egiteko enkargua jaso du. Enkargu berri horrek gogora ekarriko dio 80ko hamarkadatik gaur egunera arte zineman eta musikan izandako ibilbidea. Hainbat lekukotasunen bidez, bizi izandako zurrunbilo artistikoa eta zinemaren eta musikaren munduan bidea ireki zuten izen handi guztiak errepasatuko ditu.