Helburu nagusiak euskal kulturaren ikerketa, sorkuntza artistikoa eta dibulgazioa izango dira, idazlearen lana ezagutarazteaz gain.
Gabriel Aresti Katedrak izen bereko intelektualak eta kulturgilearen irudia eta obra ezagutarazi nahi du, bereziki unibertsitateko ikasleen artean. Hala ere, ez da soilik 60ko edo 70eko hamarkadetako Arestiri buruzkoa izango, euskal pentsamenduarekin, artearekin, euskal literaturarekin, euskararekin eta, oro har, euskal kulturarekin EHUn lanean ari direnen elkargunea izan nahi du.
Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak adierazi duenez, “Gabriel Aresti euskal pentsamendu modernoaren oinarri eta erreferente zalantzagabea izanik, garrantzitsua da bere figura eta lanak aztertzea eta hedatzea. Gainera, Katedra berriarekin, Euskal Herriko Unibertsitateak euskararekin eta euskal kulturarekin duen konpromisoa ere berretsi nahi du. Euskara eta euskal kultura gure unibertsitatearen jardueraren erdigunean daude, eta Gabriel Aresti Katedra da erronka horiek gainditzeko oinarrizko eragile bat”.
Leixuri Arrizabalaga, Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatuak azaldu duenez, “derrigorrezkoa da gazteenek gure kulturaren eta literaturaren sustraiak ezagutzea, belaunaldi barri horiek gaur egun garena izatera nola iritsi garan ulertzea eta gure aurreko ahotsek inspiratuta sentitzea. Katedra honek Gabriel Arestiren ondarea goretsi ez eze, nabarmen lagunduko dio euskal kulturaren etengabeko bizitasunari. Gabriel Aresti Katedra gure sustraiak ahaztu gabe etorkizunera begiratzeko daukagun erabakimenaren testigantza da. Aurrera pausoa da gure euskal nortasun kulturala jagon eta sustatzeko bidean”.
Patxi Juaristi Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakaslea da Katedrako zuzendaria. “Ez dugu nahi soilik iraganeko Arestiren inguruko gogoeta egin. Katedraren asmoa da Arestiren mezuek, lanek, pentsamenduek… gaur egun duten balioa, eragina, oihartzuna aztertu eta horri guztiari buruz gogoeta egin, eta aldi berean, euskal kulturarekin EHUn lanean ari diren unibertsitate kide guztien elkargunea izan nahi du”, azaldu du Juaristik.
Gabriel Arestiren eragina, bestalde, handia izan zen euskal kulturaren eta literaturaren munduan 60ko hamarkadan eta 70eko hamarkadaren hasieran. Ikuspuntu literariotik bide aberats, original eta emankorrak sortu zituen, eta euskalduntasuna ulertzeko modu berriak ireki. Aresti bide urratzailea izan zen, eta euskal pentsamendu modernoaren oinarri eta erreferente zalantzagabea da.
Gabriel Aresti Katedra
Katedra euskal kulturaren ikerkuntzari, sorkuntza artistikoari eta dibulgazioari loturiko unibertsitate katedra bat da. Ondorioz, bere lan esparru garrantzitsuena unibertsitatea izango da, eta katedraren lanaren eta emaitzen hartzaile inportanteenak ere unibertsitateko ikasle, irakasle, ikerlari eta teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileak izango dira.
Hala ere, Katedraren asmoa ere bada Euskal Herriko kultura eta arteen ikerketan lan egiten duten erakunde eta pertsonekin elkarlanean aritzea. Beraz, gai zehatzen inguruan, momentu puntualetan, lankidetzarako harremanak edo hitzarmenak egingo ditu euskal kulturako erakunde, pertsona edo mugimenduekin.
Katedrak unibertsitateko kideez osatutako batzorde bat dauka. Koordinatzailea Patxi Juaristi irakaslea da, eta hiru kolaboratzaile egonkor izango ditu: Asier Blas, Eli Larrinaga eta Bea Zabalondo, guztiak Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasleak. Horrez gain, momentuaren eta ekimenaren arabera, beste kolaboratzaile batzuek ere parte hartuko dute katedrak bultzatzen dituen ekimenen antolaketan.