(argazkia: Ondarroako Udala)

Literaturaz eta oro har kulturaz gozatzeko, Literatur Amuak jaialdia antolatu dute Ondarroan

Urriaren 20an hasi eta azaroaren 1era bitartean, letren eta hitzen lurraldea izango da Ondarroa beste behin ere, Literatur Amuak jaialdiaren bidez.

Euskarazko sormenaren urteroko zita da Ondarroako Literatur Amuak, eta Ondarroako Udalak aurten ere artistei plaza eskaintzeko eta euren lanak oholtzaratzeko agertokia eskaini nahi izan die. Izen ezagunek eta ez hain ezagunek osatuko dute egitaraua, “goi mailako egitaraua”, antolatzaileen esanetan.

Juan Fernandez Egiguren argazkilari ondarrutarrak Erakusketa Aretoan antolatutako erakusketa izango da lehen ekimena. Fernandezek, berak sortutako Ondarrutarrak bildumaren lehen atala erakutsiko du herriko eta herritarren irudiekin. Herriko artistekin jarraituz, Josu Arrizabalagak Herriko lehengo andra-gizonen istorioak kontatuko ditu: xelebrekeriak, bitxikeriak, pasadizoak… herriko kontuak. Musikaz Keu Agirretxea arduratuko da eta urriaren 31n, asteartea, Judit Nedderman abeslari eta konpositore kataluniarrarekin batera igoko da Beikoziniko oholtzara. Jaialdia amaitzeko, azaroaren 1ean, umeei zuzendutako Arrainak Bihotzean ikuskizuna taularatuko du Mar-Mar taldeak Beikozinin, Leire Bilbao idazle ondarrutarraren testuetan oinarrituta.

Urte guztiko ekimena izaten den Liburuen Amuakek ere izango du bere tartea: Nerea Ibarzabalen Bar Gloria nobelaz ariko dira idazlearekin eta Joxemari Urteagarekin batera. Guzti honetaz gain, Joseba Sarrionandia, Ane Etxegoien, Rafa Rueda eta Igor Elortza (Anonyme Popular)… goi mailako izenek eta ikuskizunek osatuko dute egitaraua.

Ikuskizun batzuetarako sarrerak erostea beharrezkoa dela nabarmendu du antolakuntzak, eta gainontzekoetan edukiera bete arte sartu ahalko da aretora. Sarrerak salgai daude jada Turismo Bulegoan.

Zubikarai saria. Euskal idazleen harrobi izaten jarraitzeko asmoarekin eta horren alde egin beharreko apustua irmoa izan behar dela iritzita, 8.000 euroko saria jasoko du aurtengo irabazleak, orain artekoa baino 2.000 euro gehiago. “Euskarazko sorkuntza bultzatzeko ahaleginak erakunde publikoetatik etorri behar direla uste dugu, eta oraingoan hau da gure apustua”, esan du Nerea Lorenzo euskara batzordeburuak. “Aurreko agintalditik udal gobernuak eskuartean zeukan neurria da orain hartu duguna”. Nobela beka lehiaketan parte hartu nahi dutenek urriaren 13ra arte daukate proiektuak aurkezteko epea. Baina hemen dago berritasuna: orain arte proiektuak posta elektronikoz bidaltzen baziren ere, orain telematikoki (ondarroa.eus web orriaren bitartez) edo aurrez-aurre Erregistro Orokorrean (Alamedako bulegoetan) aurkeztu beharko dira. Epaimahaia Xabier Mendigurenek, Ana Urkizak eta Leire Bilbaok osatuko dute.

Nobela beka irabazten duenak urtebete izango du bere proiektutik abiatuta nobela bat idazteko, eta ondoren Elkar argitaletxearen bitartez argitaratuko da. Epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle urriaren 31 baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela irizten badute epaimahaia osatzen dutenek, beka eman gabe utzi dezake udalak.

Sari banaketak, iazko Augustin Zubikarai lehiaketako irabazlearen nobelaren aurkezpena eta aurtengo irabazleari elkarrizketa, urriaren 26ko ekitaldian egingo dira, Kofradia Zaharrean, Joxemari Urteagaren eta Xabier Mendigurenen gidaritzapean.

Zabaldu: