Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatur Lanaren ilustrazioa modalitateetako irabazleak izan dira, hurrenez hurren, Azken Etxea, Zerria eta Ni ez naiz Mikel Laboa lanengatik.
Eusko Jaurlaritzak ezagutzera eman ditu Euskadi Literatura Sarietako aurtengo lehenengo hiru irabazleak: Euskarazko Literatura atalean Arantxa Urretabizkaiak eskuratu du Azken Etxea lanagatik. Josu Jimenezek, Idoia Carramiñanak, Ane Zapaterok, Ane Labakak eta Mikel Aierbek osotu dute Euskarazko Literaturako epaimahaia eta Urretabizkaiaren obrak “eskaintzen dituen ezaugarri formal eta hautu estetiko bereziak” azpimarratu nahi izan dituzte, baita “ikuspegi zein planteamendu narratiboan harturiko arriskuak ere”. Epaimahaiko kideek azpimarratu dutenez, Urretabizkaiak “konta teknikak bihurritu eta askotariko ahots eta ikuspegien erabilera” modu trebean tartekatzen ditu eta irakurlea “interpelatuta” sentiarazten du eleberriko orrialde askotan.
Bestalde, Leire Bilbaok, Larraitz Idarretak, Karla Fernandez de Ganboak, Xabier Etxanizek eta Ruben Ruizek osotutako epaimahaiak erabaki du Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako aurtengo Euskadi Literatura saria Patxi Zubizarretari ematea. Epaimahaiko kideen iritziz, Zubizarretaren Zerria lana “gazteei zuzenduriko eleberri laburra dugu, errazkeriatik eta gazte literaturaren topiko tipikoetatik aldentzen den literaturazko lan landua”. Epaimahaiak dionez Zubizarretaren lana “ez da bakarrik obra gomendagarri bat, baita literaturaz gozatzeko, pertsona moduan hazten joateko eta literatura zer den eta nola egiten den jakiteko adibide guztiz egokia ere”.
Joseba Larratxeren Ni ez naiz Mikel Laboa lanaren inguruan epaimahaiak uste du oso ondo landutako eta ebatzitako lana dela eta hori erabilitako sekuentziazioan islatzen dela. Maite Mutuberriak, Maria Carmen Fernandezek, Jose Carlos Torrek, Miren Asiainek eta Jose Antonio Morleseinek osotutako epaimahaiak honako hau gaineratu du Larratxeren lanaz: “proposamen fresko eta oroigarria, erreferentzia eta sinbolismo kultural asko jasotzen dituen obra konplexua da, baina irakurketa arina du. Mikel Laboaren musikaren erritmoa eta ikusizko interpretazioa nabarmentzen dira, baita ikuspegi desberdinen presentzia ere, hainbat irakurketa geruzarekin”.
Sariak
Sari hauen bitartez, sortzaileen lana agerikoa egin nahi dela azpimarratu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. “Sari hauen helburua irakurleen eta gizartearen arreta egileen lanetan jartzea da”. Sailburuak irabazleei adierazi dienez “zuen lanari bultzada bat ere eman nahi diogu. Herritarren zuen sormen lana eta zuen obra ezagutzea nahi dugu eta obra hauen sustapenean lagundu nahi dugu”. Zupiriak gaineratu duenez “egile hauek gure eskuetan istorio zoragarriak utzi dizkigute. Irakur ditzagun, gomendatu ditzagun, pasa ditzagun eskuz esku… bultzatu daigun irakurtzeko grina”.
Datorren azaroaren 15ean banatuko dira aurtengo Euskadi Literatura Sariak, Getxoko Muxikebarri Zentroan egingo den ekitaldi batean. Egun horretan zazpi modalitateetako irabazleak bilduko dira. Datorren astean gainontzeko lau modalitateetako irabazleak emango dira aditzera: Literatura Gaztelaniaz, Saiakera Euskaraz, Saiakera Gaztelaniaz eta Euskarazko Literatura Itzulpena.
Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada.