Haurrekin harreman zuzena duten guraso eta zaintzaileei beraien hizkuntza praktiken inguruan hausnartu eta euskara gehiago erabiltzeko deia egin dute urriaren 19tik 29ra bitartean.
Euskaltzaleen Topaguneak, Euskarak 365 egun lan ildoaren baitan, Haurren aurrean helduok heldu ekimena jarri du abian. “Haurrak aipatu eta kontuan hartu, baina zuzen-zuzenean helduak protagonista bihurtzen ditu ekimen honek. Izan ere, helduok gara ume horien erreferente eta eredu eta helduongandik jasotzen dituzte egiteko eta esateko modu asko”, nabarmendu du Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak Donostiako San Telmo museoan egindako agerraldian.
Euskaltzaleen Topaguneak koordinatutako ekimena bada ere, Euskal Herri osoko ia 80 herri eta auzok parte hartuko dute ekimenean, eta gaur hasi eta urriaren 29ra arte luzatuko da. Aurtengo edizioak, bi helburu izango ditu: batetik, helduen arteko (eta, bereziki, gurasoen eta haurren zaintzaileen arteko) hizkuntza portaeretan eragitea eta, bestetik, euskararen erabilera areagotzeko aktibatzea. “Topagunean oso argi daukagu euskararen biziberritze prozesua gizarte osoa ukitzen duen prozesu bat dela. Guztiok dugu erantzukizuna eta guztion babesa eta bultzada dira beharrezkoak; baina bereziki, beharrezkoak dira, aktiboki euskararen aldeko pausoak emango dituzten eta ematen dituzten norbanakoak”, azpimarratu du Iciarrek.
Sentsibilizatu, ahaldundu eta saretu
Ahalik eta parte-hartze handiena sustatu aldera, proposamen egingarri eta ulerterraza plazaratu nahi izan du Topaguneak. Hala, ekimenean parte hartuko duten herriek ekintza ezberdinekin osatutako dinamikak jarriko dituzte martxan gaurtik aurrera. “Esaterako, Iruñean indartsu hasiko da ekimena lau aditu bilduko dituen jardunaldiekin”, aipatu du Iciarrek.
Ekintza horiek guztiek guraso zein hezitzaileak sentsibilizatzea, ahalduntzea eta saretzea izango dute helburu. Sentsibilizazioa eta ahalduntzea izango dute xede, esaterako, herriz herri antolatuko diren tailerrek eta hitzaldiek; bestelako ekintzek, berriz – kultur eta aisialdi ekintzek, adibidez- guraso eta umeen elkargune eta helduentzako harremantzeko guneak sortzera daude bideratuak. “Ekintzek beraiek egiten diguten ekarpenaz gain, gune babestuak sortzea da ideia: euskaraz lasai aritzeko guneak”, adierazi du Jon Zapata Haurren aurrean helduok heldu ekimenaren koordinatzaileak.
Horrela, Euskaraldian sustatzen diren portaerak sozializatzen jarraitu nahi dute Topagunetik, eta portaera linguistiko horiek herritarren egunerokoan integratzeko ahalegin berri bat egin. “Azken finean, Euskaldunok euskaldunokin euskaraz egiten dugu arau soziala indartu nahi dugu ekimen honen bidez: solaskideek, euskara dakiten kasuetan, euskaraz egiten; lehen hitzak euskaraz egiten eta kideak ulertu bai, baina euskaraz hitz egiten ez badu euskarari eusten, elkarrizketa elebidunei bide emanez”, gaineratu du Zapatak.
Herrietako ekintzen zerrenda ekimenaren webgunean (https://topagunea.eus/haurren-aurrean-helduok-heldu/) edo topagunea.eus webgunearen bidez kontsulta daiteke.
Gurasoek gurasoei parte-hartzeko deia
Ekimenaren bigarren edizioak aktibazio soziala du helburu. “Helduei euskararen aldeko pausoak emateko testuingurua ematen die ekimenak, euskararen erabileran aurrerapausoak eman eta azken datuek erakusten duten joera aldatzeko ekarpena eginez”, azaldu du Iciarrek. Izan ere, 2021eko euskararen kale erabileraren inguruko ikerketaren arabera, haurrak dira euskara gehien egiten dutenak (%19,3); adinean aurrera egin ahala, ordea, erabilerak behera egiten du (helduen-gazteen artean, %14,3; heldu-nagusien artean, %9,3).
Ekimena, hain zuzen ere, 16 urtetik gorako helduei zuzendua dago: zehazki, 0-12 urte bitarteko haurren gurasoei eta haur horien zaintzaileei (senideak, lagunak, hezitzaileak…). Ekimenaren aurkezpenean xede-talde horren ordezkari izan dira Mikel Astarloza eta Nerea Alias. Bestelako zereginengatik ezagunak diren arren, biak dira guraso, eta biek bat egin dute horrelako ekimenen beharrezkotasuna azpimarratzean. “Sarritan umeei euskaraz egiteko esan eta gero guk gure artean, erdaraz egiten dugu”, aipatu du Aliasek. “Haurrentzat erreferentziazkoak garela dakigun arren, hizkuntzarekin ere eredu bat ematen ari gara, eta horren kontzientzia hartu beharko genuke”.
Haurrengan duten eraginagatik gurasoek euskararen alorrean egin dezaketen ekarpena azpimarratu nahi izan dute Aliasek zein Astarlozak, eta beraien erronka propioak ere hartu dituzte. “Oiartzunen euskaraz bizitzeko erraztasunak ditugun arren, nire kasuan, euskaraz ulertu bai, baina hitz egiten ez dutenekin euskarazko elkarrizketak mantentzea kostatzen zait. Horretan saiatuko naiz ni, elkarrizketari euskaraz eusten, besteak gazteleraz edo frantsesez erantzun arren”, azaldu du Astarlozak. Aliasek, bere aldetik, autokritikaren beharrari egin dio erreferentzia. “Sarritan errazagoa da parekoek egiten dutenari erreparatzea, baina nik ez diot inori zer egin behar duen esango. Nire buruari begiratu eta nik zer egin dezakedan pentsatzetik hasiko naiz”, adierazi du.
Agerraldiari amaiera emateko, “haurrek etorkizunean euskaraz, eroso eta naturaltasunez, aritzea nahi duten duten gurasoei” ekimenean parte hartzeko deia egin diete Aliasek eta Astarlozak.