(argazkia: Iker Azurmendi)

Donostiako San Telmo Museoak Hinrich Sachs-en ‘Ez du pausorik debalde ematen’ aurkeztu du Museo Bikoitza programaren barruan

Instalazio hau artistak azken urtean zehar egindako lanaren emaitza da, Josune Urrutia eta Leire Vergararekin elkarlanean, eta urtebetez museoko koroan izango da ikusgai, urriaren 27tik aurrera.

Museo Bikoitza programaren barruan, Donostiako San Telmo Museoak Ez du pausorik debalde instalazioa paratu du datorren urteko urrira arte, museoko koroan.

Museo Bikoitza, Asier Mendizabal artistaren proposamena, 2018an jarri zen abian. Donostiako museoan egiten den esku-hartze programa bat da, urteko aldizkakotasunarekin eta gonbidatutako artista baten eskutik. Bildumaren eta kontakizun museografikoaren hainbat berrirakurketa ahalbidetzea du helburu.

Ez du pausorik debalde ematen

Sortu berri den lanak hiru zati ditu. Lehenik eta behin, San Ignacio de Loyola itsasontziaren oihaletako baten tamainako olana. Ontzi hori XVIII. mendean erabili zen Iberiar penintsularen eta Venezuela kolonialaren arteko bide atlantikoan, salgaiak eta tropak garraiatzeko. Bigarrenik, bi neraberen eta artistaren arteko elkarrizketa kontatzen duen komikia, egungo San Telmo Euskal Gizartearen Museoari buruzkoa. Eta, azkenik, Euskal Herriko garai kolonialeko gurutze-puntuko brodatuetan aurkitutako motiboen sinbolismoari buruzko saiakera.

San Ignacio de Loyola belaontzia 1730ean eraiki zuten Pasaian, Donostiatik gertu, Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarraren enkarguz. Sarritan zeharkatu zuen Atlantikoa Donostiatik La Guairarako bidean, Venezuela kolonialean, 1742an Karibeko arrezife batean hondoratu zen arte.

Olanak garai hartako itsas ehungintzako teknologia ahaztuak esperimentatzeko aukera ematen dio publikoari. Liho naturalez josita dago eta itsasontzi historikoaren trinketeko belaren neurriak ditu (gutxi gorabehera, 17 × 8 m), 1731ko euskal ontzigintzaren eskuliburu baten arabera kalkulatuta. Mihise hau XVIII. eta XIX. mendeen artean eskualdeko emakumeek gurutze-puntuan brodatutako ehun-pieza talde txiki batetik gertu kokatuta dago, bildumaren erakusketa iraunkorrean. Kointzidentzia-puntua ehungintzako ekoizpen-katea da. Bertan, landare-zuntzak iruten dira eta ehundu egiten dira arropa, itsasoihalak eta hilzapiak ekoizteko erabiliko den lihoa egiteko.

Horren osagarri, ikusizko narrazio bat aurkezten duen liburuxka bat dago, ehungintzari lekuko garaikideen ikuspegitik heltzen diona. Artistaren eta Donostiako eta Errenteriako bi neraberen arteko elkarrizketa batean oinarrituta dago. Fantasia pertsonalak kontatzen ditu, San Telmoko gurutze-puntuko brodatuak aztertzen ditu, eta loturak ezartzen ditu historia kolonialaren, genero-rolen eta Europako ehun-enpresen ekoizpen-kate globalen dinamikaren eta gaur egungo brodatutako moda-oldearen artean. Josune Urrutia ilustratzaileak artistarekin batera garatu zuen gidoi grafikoa, eta bereak dira ondoren egindako marrazkiak ere. Bisitariei ale bat eramateko gonbita egiten zaie.

Hirugarren elementua museoan eta beste bilduma batzuetan kontserbatutako Euskal Herriko gurutze-puntuko ehunetan sakontzen duen ikerketa lana da. Horietan erabilitako motiboen esanahia, materialak eta artisau teknikak aztertzen ditu, baita bere funtzio sozial eta sinbolikoak ere.

Espainiako domeinu kolonial bortitz eta ustiatzailearen mendeetan ezartzen du ehunen eta brodatuen jatorria, eta iradokitzen du brodatutako motibo batzuk eskualdearen aberastasuna nabarmen handitu zen aldi horrekin lotuta egon daitezkeela.

Leire Vergara idazle eta ikertzailea da saiakeraren egilea, eta artistak gonbidatuta hartu zuen parte proiektuan, ikerketa-fasetik. Dokumentua museoan eta museoaren webgunean dago eskuragarri.

Objektu materiala, komikia eta saiakera biltzean, Ez du pausorik debalde ematen-ek erronka egiten dio museologia-parametro nagusi bati, azaldutako jatorrizkoaren eta harekin batera doan testuaren arteko erlazioari. Horrela, narratiba zabaldu eta historian ezabatutakoak azpimarratzen ditu.”

Bisita gidatua eta hitzaldia

Hinrich Sachs artistak bere lana azaltzeko bisita gidatua eta hitzaldia eskainiko ditu abenduaren 12an. 18:00etan, gaztelaniaz izango da eta 19:00etan euskaraz. Parte hartzea doakoa izango da baina aldez aurretik museoko webgunean lekua erreserbatu beharko da gaztelaniazko saiorako, euskarazko bisitarako, berriz, sarrera librea izango da edukiera bete arte. Gainera, streaming bidez eskainiko da.

Zabaldu: