‘Bruixes – Sorginak – Brujas. Akelarre ilustratua’ erakusketa ireki dute Donostiako Udal Liburutegian

Azaroaren 12ra arte bisitatu ahal izango da San Jeronimo kaleko Udal Liburutegiko ekitaldi aretoan.

Bruixes – Sorginak – Brujas. Akelarre ilustratua izeneko erakusketak 24 emakume azti biltzen ditu, komikiari, diseinuari eta ilustrazioari lotuak, eta fikzioan funtsezkoa den irudikapen bati, gure amets eta amesgaiztoetako protagonista den bati, ohore egiteko bildu dira. Erakusketak, erritu legez, magiaz eta fantasmagoriaz blaitutako irudiak jasotzen ditu, pandemonium koloretsu eta jolasgarriaz gozatzeko propio sortuak.

Izuak, madarikazioek, sorginkeriek, magiak eta okultismoak blaitzen dituzte 24 irudi fantastiko hauek. Bruixes – Sorginak – Brujas “gure erretinak sorgintzen dituen deiadar/erritu bat” dela diote antolatzaileek. “Figura ikoniko gisa, sorginak eboluzionatu egin du denboran zehar, estetika hain bereziaren izpirik galdu gabe. Sorgin boteretsuaren mitoa, ona edo gaiztoa, nigromantikoa edo sendatzailea, kezkagarria edo itxaropentsua, enigmatikoa eta eszentrikoa, beti fantastikoa, gure herri kulturaren parte da. Ehunka ipuinek eta elezaharrek elikatu dituzte beldurrezko eta fantasiazko literatura eta zinema, musika goibela eta bestelako diziplina artistikoak, axolagabe uzten ez gaituzten obra zeremonialak barnean dituztenak”.

Hauek dira erakusketan parte hartu duten ilustratzaileak: Sara Bea, Carla Berrocal, Natacha Bustos, Olga de Castro, Genie Espinosa, Mabel Esteban, Ana Galvañ, Higinia Garay, Nadia Hafid, Irene Marquez, Susanna Martin, Mermelada de Sesos, Raquel Meyers, Miriam Persand, Ana Oncina, Laura Perez, Mireia Perez, Ane Pikaza, Sara Soler, Clara Soriano, Josune Urrutia, Sandra Uve, Teresa Valero, Roberta Vazquez.

Erakusketa azaroaren 12ra arte bisitatu ahal izango da San Jeronimo kaleko Udal Liburutegiko ekitaldi aretoan.

Zabaldu: