Deialdiaren helburua euskarazko fantasiazko gidoien sorkuntza saritzea da. hirugarren deialdi honetan Igor Legarreta zinemagilea izango da mentorea. Proposamenak abenduaren 30era arte bidali ahal izango dira.
Azken urteotan, euskarazko zinemagintzak arrakasta handia izan du, baita nazioartean ere. Fantasiazko generoak horretan zerikusia izan du, loraldi eta zabaltze garai bat bizitzen ari baita. Sortzaile berriak oraingo eta etorkizuneko zinemari forma ematen ari dira. Testuinguru horretan sortu zen duela lau urte Oihua!, Donostia Kulturak, Udaleko Euskara Zerbitzuak eta San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission-ek bultzatutako ekimena.
Lehen edizioan Paul Urkijo zinemagilea izan zen mentorea eta proiektu irabazlea Maria Fontan donostiarraren Zerua hautsi zen gaua. Bigarren deialdian, berriz, Maider Oleaga zinemagilea izan zen mentorea eta irabazlea Igor Salutregi. Aurtengoan Igor Legarreta zinemagilea izango dugu mentore lanetan.
Deialdiaren asmoa euskarazko fantasiazko gidoien sorkuntza saritzea da, ikus-entzunezko profesionalek hautatutako proiekturako zeharkako aholkularitza ezarrita. Azken emaitza film labur bat ekoiztea eta zuzentzea izango da, Larrotxene Bideoren tutoretzapean. Film laburra 2024ko Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Astean estreinatuko da.
Parte hartzeko oinarriak
Deialdia sortzaile berriei zuzenduta dago. “Sortzaile berritzat ulertzen da modu komertzial batean banatutako fikziozko ikus-entzunezko obrarik idatzi, zuzendu edo egin ez duen pertsona oro”, azpimarratu dute antolatzaileek. “Parte-hartzaileek euskaraz idatzitako gidoi original bat aurkeztu beharko dute eta ez dira itzulpenak onartuko”, gaineratu dute.
Aukeratutako hautagaiak erabakiko du bere gidoia zuzendu nahi duen, bere interesaren eta prestutasunaren arabera. Hala ez bada, antolatzaileek bermatuko dute gidoiaren zuzendaritza. Film laburraren filmaketa osoa Gipuzkoako Lurralde Historikoan egin beharko da.
Dokumentazio guztia, idatzizkoa eta grafikoa, posta elektronikoz bidali behar da helbide honetara: larrotxene_bideo@donostia.eus, Oihua! deialdia idatzita. Hautagaitzak aurkezteko epea 2023ko abenduaren 30ean amaituko da, 24:00etan.
Hautaketa batzorde bat eratuko da eskaerak aztertu eta ebaluatzeko. Batzorde horretako kide izango dira zinemagile eta edizio honetako mentore Igor Legarreta eta zenbait ordezkari, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astekoa, Larrotxene Bideokoa, Udal Euskara Zerbitzukoa eta San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission-ekoa.
Oinarriak, hemen.