(argazkia: Balaunka diskoetxea)

Nøgen taldeak muga guztiak hautsi nahi izan ditu ‘Åben Cirkel’ disko berriarekin

Boskote donostiarrak Nacho Mur (La M.O.D.A.), Elliot James (Two Door Cinema Club), Jordi Mora (Cala Vento), Brais Ruibal (Xoel Lopez) edo JEWLNekin (Izaro) egin du lan.

Nøgen taldeak bere hirugarren lan luzea kaleratu du ‘Åben Cirkel’ (‘Zirkulu Irekia’) izenpean, bere diskoak danieraz izendatzeko ohiturari jarraituz. Lehen bi disko arrakastatsuen ondoren, Ane Negeruelaren ahots hunkigarri eta boteretsuaren bidez, talde donostiarra indarberrituta itzuli da, mugak hautsi eta beste latitude batzuetan ezagutzera eman nahi duen lan berri honekin.

Taldekideek azpimarratu dutenez, disko berriak aldaketa nabarmenak dakartza aurreko bi lanekin alderatuta.

Diotenez, eragin musikalen fusio batekin dator Nøgen, orain arteko soinu folkietatik hasi eta soinu gaurkotuetaraino. Zentzu horretan, musikarien iritziz, “gure ohiko soinuarekin apur bat apurtzen saiatu gara. Aukera berriak bilatzen jarraitzen dugu, eta horrek erabaki arriskutsu samarrak hartzea dakar. Orain arte jendeak soinu naif batekin identifikatu gaitu; hippie edo surflari samar batekin. Bada, disko honetan ia ez dute ukelelearen soinua aurkituko. Hasieran harritu egingo direla uste dugu, eta gero gustatu egingo zaiela”.

Talde donostiarrak Nacho Mur (La M.O.D.A., Luis Fercan, Valeria Castro), JEWLN (Hofe, IZARO, Merina Gris), Eliot James (Two Door Cinema Club, Bloc Party, Noah and the Whale), Jordi Mora (Cala Vento, Quique Gonzalez, Lory Meyers) edo Brais Ruibal (St Woods, Alice Wonder, Xoel Lopez) bezalako izen handiekin ekoitzi eta egin ditu nahasketak. Esku eta belarri horien bidez, donostiarrek beren melodia ezagunak elementu berriekin osatu dituzte, entzuleak soinu-bidaia berri batean barneratzeko. Horren adibide dira David Ruiz La M.O.D.A.ko abeslariaren laguntzarekin atondutako Abendua abesti gozoa edo Pello Armendariz Skakeitan taldeko abeslariarekin ondutako Guztia edo ezer ez.

Alex Irazusta eta Markel Idigoras taldekideen arabera, “lehen bi diskoak konposatzerako orduan oso patroi antzekoak jarraitu genituen. Oraingo honetan, haiengandik ihes egiten saiatu gara, eta gitarra eta ahots batekin sortutako abesti ‘biluziekin’, punk rocketik gertu dauden beste batzuekin edo indie rock taldeen ildotik (Two Door Cinema Club, esaterako) landutako abestiak aurki daitezke”.

Negeruelaren ahots dinamikoaren itzulerak ere jauzi kualitatiboa suposatu du talde donostiarrarentzat, bigarren diskoko geldialdiaren ostean. Abeslariaren hitzetan, “erronkarik handienetako bat ahotsa abestiaren beharren arabera moldatzea izan da; hau da, ni abestiak eskatzen zidanera egokitzea, eta ez alderantziz. Uste dut etapa berri honek lagunduko digula ate batzuk ixten eta beste batzuk irekitzen”.

Talde gipuzkoarrak lau aurkezpen kontzertu eskainiko ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan: azaroaren 17an Iruñean, 18an, Gasteizen, 24an Bilbon eta abenduaren 30ean Donostian.

Zabaldu: