(Argazkia: Sara Ibarguren - Irutxuloko Hitza)

Saharari Kantari egitasmoak 12 kanta biltzen dituen diskoa aurkeztu du

Mikel Laboa, Anari, Iker Lauroba, Esti Markez, Fariba Sheikhan, Postal Kolekzionistak, Pello Reparaz, Izaro, Olatz Salvador, Itziar Ituño, Eñaut Elorrieta eta Olaia Inziarte talde eta bakarlariek, besteak beste, hartu dute parte diskoan. Aziza Brahim eta Ali Seidah artista saharar ezagunek ere bat egin dute ekimenarekin.

Saharari Kantari ekimenaren asmoa musikaren bidez, herri sahararrari keinu bat egitea izan da, herri honen askatasunerako eskubidea aldarrikatzea. Elkartasun ekimen honen emaitza esku artean dugun diskoa da. Euskal Herriko hamasei abeslari eta talde elkartu dituzte disko bakar batean: Mikel Laboa, Oreka TX, Mikel Urdangarin, Anari, Iker Lauroba, Esti Markez, Fariba Sheikhan, Postal Kolekzionistak, Physis versus Nomos, Pello Reparaz, Izaro, Olatz Salvador, Idoia Asurmendi, Itziar Ituño, Eñaut Elorrieta eta Olaia Inziarte. Aziza Brahim eta Ali Seidah artista saharar ezagunek ere bat egin dute ekimenarekin. Saharari Kantari hamabi kantaz osatutako lana da.

Diskoa Mikel Laboa zenaren abesti mitiko batekin abiatzen da: Martxa baten lehen notak. Aziza Brahimek eta Oreka Tx taldeak elkarrekin jo izan dute kontzertuetan kanta horren bertsioa eta egitasmo honi esker grabatu ahal izan dute. Brahim abeslari sahararrak behin baino gehiagotan jo izan du Euskal Herrian. Eñaut Elorrietarekin Desio bat dut abestia grabatu zuen ere eta diskoak kanta hori ere jasotzen du.

Kristina Berasain kazetariaren eskutik dator egitasmoa. “Ideia bat izan zena ametsa bihurtu zen, eta gero promesa moduko bat”. Saharako gatazka gertutik jarraitu du kazetariak eta keinu bat egin nahi izan dio herri sahararrari: “Ez dugu ahaztu behar duela hiru urtetik hona sahararrak berriz ere gerran daudela, eta ia berrogeita hamar urte daramatzatela basamortuen basamortuan erbesteratuta, edo okupaziopean, beraien lurraldean, Mendebaldeko Saharan”.

Kazetariak artisten eskuzabaltasuna eskertu du, hala nola, ekimen hau posible egin duten konplizeena: “Den-denek esan zioten bai erronkari. Sahara hitza aipatu eta ez zuten zalantzarik izan. Musutruk aritu dira, eta, batez ere ilusioz, ekimen honen xedearekin bat eginez”.

Euskal Fondoa, Elkar, Berria eta Bakun dira ekimenaren babesleak eta laguntzaileak. Azala Iraia Okina ilustratzaileak egin du. Duna batzuk ageri dira irudian, eta emakume sahararrak dantzan, basamortuan.

Arabako SEADen Lagunen Elkarteak ere zerikusia dauka egitasmo honetan. 2013an Mendebaldeko Saharari kantatzeko lehiaketa jarri zuen martxan elkarteak, eta hiru ediziotan abesti sorta ederrak sortu zituzten hainbat eta hainbat musikarik, tartean Pello Reparaz, Iker Lauroba, Izaro eta Postal Kolekzionistak (Hotsneba izenarekin aurkeztu zen lehiaketara). Orain ekimen harren izena hartu, eta aipatutako artisten kantak bildu dituzte diskoan, kasu batzuetan bertsio berri batean: Iker Laurobak Esti Markez eta Fariba Sheikhanekin grabatu du Sahara izeneko kanta eta Izarok berriz grabatu du Harea abestia.

Diskoan, dena den, beste abeslariek aurretik sortutako eta proiektu honetarako propio sortutako beste kanta batzuk ere badaude. Olatz Salvador, Idoia Asurmendi eta Itziar Ituñok elkarrekin kantatzen duten Haizea harrien kontra da kanta berri horietako bat. Bestea Eñaut Elorrieta eta Olaia Inziarteren eskutik dator: Izar polisariar bat. “Estrella Polisaria taldearen kanta hau ereserki moduko bat da sahararrentzat eta orain euskarazko bertsio eder bat sortu dute Elorrietak eta Inziartek”.

Mikel Urdangarinek eta Physis versus Nomos taldeak Dana eta Saudade e Fatal 2 diskoetan argitaratu zituzten Zugan eta Sahara izeneko kantak. Beñat Antxustegiren taldeak, zentzu horretan, kantaren bertsio berri bat egin du eta izen berri bat jarri dio kanta hari: Galdu gabeko irria.

Sahara dute ardatz kanta guztiek. Anariren Bidea eta denbora kanta izan ezik, kanta honen letrak diskoan txertatzeko modua eman badu ere. Ali Seidah da diskoan kanta bat duen beste abeslari sahararra. Sahara nire lurra abestian euskaraz kantatzen du errepikan.

Saharari Kantari ekimena ez da diskora mugatzen. Abenduaren 22an, ostirala, kontzertu solidario bat antolatu dute Donostiako Kursaalean. Diskoan parte hartu duten artistetako asko egongo dira egun horretan oholtzan: Aziza Brahim, Oreka TX, Mikel Urdangarin, Iker Lauroba, Esti Markez, Fariba Sheikhan, Postal Kolekzionistak, Physis versus Nomos, Eñaut Elorrieta, eta Idoia eta Bea Asurmendi. Jon Maia bertsolariak ere parte hartuko du ikuskizunean eta sorpresaren bat ere izango da tartean.

Behin bakarrik egingo da kontzertua, hortaz, “berezia eta ahaztezina” izango dela iragarri dute antolatzaileek. “Helburua ahaztutako eta isilarazitako gatazka honi ikusgarritasuna ematea da”. Egitasmo honek, dena den, helburu solidario bat ere badu. Diskoaren salmentan eta kontzertuan bildutako dirua ondare kulturala eta historikoa babestera bideratuko da. Euskal Fondoa eta SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren arteko lankidetza proiektuen markoan ondare kulturalari lotutako egitasmo batera bideratuko dira fondoak.

Zabaldu: