(argazkia: Txalaparta)

‘Tupust!’ antologia feminista aurkeztu dute

Hamalau komikiz osatuta dago Tupust! bilduma (Txalaparta), horren atzean berriz, hogei egile helburu bakarrarekin: “komikigintzatik eta euskaraz, eredu tradizional heteropatriarkalaren deseraikitzea”.

Antologia hau osatzen duten istorio guztiak niaren inguruan gorpuzten dira; komiki guztiek hitz egiten dute, era batean ala bestean, niari buruz. “Komiki hitza erabiltzen dugu bai, baina irakurleek askotariko komikiak aurkituko dituzte Tupust! Antologian”. Batzuk testuaren laguntza dute, beste batzuk soilik irudiak erabiliz eraiki dira. Batzuk bineta, marrazki eta testu asko dituzte orrialde bakoitzeko, beste orrialde batzuk irudi (mutu) bakarrarekin betetzen dira. “Finean, nor bere nitik ari dira, gu bat osatzeko”.

Tupust! komiki antologia feminista honen atzean, izen bereko kolektiboa dago. Bertako kideak orain dela hiru urte hasi ziren biltzen komikigintzaren gaineko gogoeta egiteko asmoz. “Komikia eta feminismoa uztartzea; egileen arteko sare bat osatzea; sare hori lan eta proiektu berriak abiarazteko baliatu ahal izatea, izan ditzakegun zalantzak gainontzeko taldekideekin partekatzeko eta, azken finean, elkarri laguntzeko balio dezakeen komunitate bat sortzea; gure intereseko hitzaldi, erakusketa, egitasmo eta abarrak antolatzea eta sustatzea tartean, Tupust! komiki feministaren argitalpena bera”, dira kolektiboaren helburu nagusiak.

Amets Gurbiola Negugogorrek koordinatutako lehen edizio honetan parte hartu duten egileak ondorengoak dira: Irati Eguren Arruti, Paula Estevez, Arrate Rodriguez, Maite Caballero, Danele Sarriugarte eta Josevisky Larratxe, Maite Gurrutxaga eta Irati Jimenez, Irati F.G. eta Regina Salcedo, Nerea Unanua Otxoantesana eta Amaia Lekunberri Ansola, Txakur Gorria, Loinaz Lekuona, Maitane Gartziandia, Ainara Azpiazu Aduriz Axpi, Eider Eibar eta Miren Amuriza eta Leire Urbeltz eta Hedoi Etxarte.

Liburuaz gain, Tupust! erakusketa ere egongo da ikusgai datorren ostiralera arte, Donostiako Komikigunean. Bertan bildumako hainbat zirriborro eta original ikusi ahal izango dira.

Zabaldu: