(argazkia: Euskaltzaleen Topgaunea)

Euskaltzaleen Topaguneak erabileraren arora jauzi egiteko lan ardatzak onartu ditu

Elkarteko bazkideez gain, hainbat instituzio eta erakundeetako ordezkariak bildu dira Arrasaten egin duten Kongresuan. Aho batez onartu dute bazkideek euskararen erabileran jauzi bat emateko Topaguneak martxan jarriko duen estrategia berria.

Topaguneko elkarte bazkideekin eta hainbat instituzio eta erakundeetako ordezkarien aurrean larunbat honetan Arrasaten egindako hirugarren Kongresuan, aro berri bati ekitea erabaki du Euskaltzaleen Topaguneak. Aro berri horrek euskararen erabileran goranzko jauzi bat ematea du helburu eta hori lortzeko hurrengo hamarkadarako Topaguneko zuzendaritzak proposatuko helburu eta estrategia berriak aho batez onartu dira Kongresuan.

Egungo gizarteak planteatzean dituen erronkei aurre egin asmoz, bost ardatzetan zentratutako estrategia berritzailea landu du Topaguneak hurrengo urteetarako: mugimendu euskaltzale eraldatzaile, anitz eta sendoa izatea eta herritarrak ahalduntzea, nazio mailan zein tokian toki; harreman sare sendoak izatea, askotariko eragile eta mugimenduekin; euskal identitate askotariko ireki eta inklusiboa sendotzeko, imajinarioa, diskurtsoak eta jokaerak berrikusi eta gizarteratzea; euskal hiztunak sortzeko eta sozializatzeko, ekimenak plazaratzea eta eragitea; eta erabileran jauzia emateko akordio sozio-politiko-instituzional berriak bultzatzea.

Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak adierazi duenez, “gizarteko aniztasuna aintzat hartuta, askotariko eragileekin harremanak sendotu nahi ditugu, biziberritze prozesua elkarrekin bultzatzeko eta mugimendu euskaltzale sendo, zabal eta eraldatzailea osatzeko”. Etorkizunean euskaraz erosotasunez bizitzea ahalbidetuko duen jauzia eman dadin, euskal hiztun komunitatearen iruditeria eguneratzea proposatzen du Topaguneak “euskal hiztun komunitatea asko aldatu da azken urteotan, bada, askotariko hiztunentzat baliagarria izango den iruditeria eta diskurtso inklusiboak eta dinamikoak sustatuko ditugu Topagunetik”.

Euskal Herri osoko 100 elkartek osatzen dute Euskaltzaleen Topagunea. Lurralde osoan barreiatutako 70 euskara elkarte daude batetik, 15.000 bazkidetik gora biltzen dituztenak. Bestetik, hainbat Kulturgune, Tokikom-en sarean integratutako tokiko komunikabideak eta aisialdian jarduten duen Kukulaisi elkartean dauden taldeak biltzen dira Topagunean.

Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria azaldu duenez, “euskal hiztun komunitateak unean uneko desafio berriei aurre egin eta berritzeko sekulako indarra duela erakutsi du aldiro eta bide horretan sakondu nahi dugu hurrengo hamarraldian: egungo oinarri soziala sendotuz eta zabalduz eta euskalgintzan ez-ohikoak diren beste eragile batzuekin batera,  biziberritze prozesuaren aldekotasuna gizartean indartuz. Garai aldapatsuak bizi ditu euskarak, ezinbestekoa da beraz, euskaltzaleon oinarri soziala gehiago zabaldu, aktibatu, ahaldundu eta saretzea”. Aldi berean, euskararen erabilera handitzeko akordio sozio-politiko berriak eraiki beharraz mintzatu da Irati: “Topaguneak abiatuko duen etapa berrian, Euskal Herriko eremu ezberdinetara egokitutako akordio berriak gara daitezen eragingo du eta akordio horietarako ekarpenak egitea izango da erakundearen lehentasunetako bat”.

Zabaldu: