(argazkia: Brigade Loco)

Raimundo el Canasterok eta Brigade Locok Mikel Zabalzaren omenezko ‘Mikel’ abestia plazaratu dute

38 urte igaro dira Guardia Zibilak Mikel Zabalza gazte orbaizetarra torturapean hil zuenetik. Omenaldi xume bat egite aldera, Raimundo El Canastero eta Brigade Loco elkartu dira abesti hau sortzeko. Azaldu dutenez, “Joe Arroyoren musika eta, bereziki, Rebelión abestia ezagutzeak gertatu zena salatzeko kemena eman digu. Gehien gustatzen zaiguna eginez, maitasunez eta errespetuz”.

1985eko azaroaren 26an Guardia Zibilak Mikel Zabalza eta haren lehengusu Manuel Bizkai atxilotu zituen Donostian, eta, haiekin batera, Idoia Aierbe Zabalzaren neska-laguna eta Ion Arretxe. Orbaizetan berriz, Patxi eta Aitor Mikelen anaiak ere atxilotu zituzten, baina hamar orduren buruan askatu zituzten. Guztiei Terrorismoaren aurkako Legea aplikatu zieten, eta inkomunikatuta egon ziren.

Hurrengo egunean, Zabalzaren desagerpenaren berri eman zuten. Bertsio ofizialaren arabera, Zabalzak ihes egin zuen eta Bidasoa ibaira bota zuen bere burua, guardia zibilei zulo baten kokapenaren berri ematera zihoazela.

Bilaketa lanak jarraian hasi ziren, baina, egunak aurrera egin ahala, Zabalza bizirik aurkitzeko itxaropena poliki-poliki itzaltzen joan zen. Aldi berean, Zabalza Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelean jasandako torturen ondorioz hil zenaren zurrumurrua hedatzen hasi zen.

Hala, eragile politiko eta sozialak egoera jendaurrean salatzen hasi ziren, eta kalean ere hainbat mobilizazio egin zituzten. Zabalzarekin batera atxilotutakoen lekukoek poltsa eta bainera egin zizkiotela kontatu zuten eta horren ondorioz hil zela berretsi zuten. Hala ere, bertsio ofiziala ez zen aldatu, eta Barne ministro Jose Barrionuevok Zabalza lehenago edo beranduago agertuko zela ere adierazi zuen.

Desagertu eta 20 egunera, abenduaren 15ean, Guardia Zibilaren patruila batek Zabalzaren gorpua aurkitu zuen Bidasoa ibaian, egun batzuk lehenago Gurutze Gorriak goitik behera miatutako toki batean.

Heriotzagatik hunkituta eta Zabalzaren familiari babesa emateko eta Estatuko hilketatzat hartzen den desagerpena salatzeko asmoz, sekula ikusi gabeko mobilizazio soziala eta protesta ekintza bortitzak izan ziren Euskal Herrian.

Zabaldu: