(argazkia: Anestesia)

‘Azken heriotza’ birarekin agur esango du Anestesia taldeak

Aurreneko kontzertua Biarritzeko Atabalen eskainiko dute apirilaren 6an, ondoren, Donostiako Dokan izango dira apirilaren 13an, Atarrabiako Totem aretoan, berriz, maiatzaren 11n, Bilboko Kafe Antzokian maiatzaren 25ean, eta amaitzeko, Gasteizko Jimmy Jazzeko oholtzara igoko dira ekainaren 8an.

35 urteko ibilbidearen ostean, agur esatea erabaki du Anestesia taldeak, aurretik, baina, agur bira prestatzen ari da datorren urterako. Hedabideetara bidalitako ohar baten bidez eman dute ezagutzera erabakia, izan ere, 2019. urtean garai beltz bat hasi zen taldearentzat. “Osasun arazoek gure ibilbidea etetera behartu gintuzten. Pandemia tartean ere, burua altxatu ezinik ibili gara azken 4-5 urteotan. Tarte horretan, “Fenix” kontzertu bira laburra egiten saiatu ginen behin eta berriz, eta azkenean 2022an egingo genuela ematen zuenean, berriro osasun arazoek dena bertan behera uztera behartu gintuzten. Horri gehituta, 2023ko hasieran, berriro zerbait egitea planteatzen hasi ginenean, gure bateria jotzaile, eta betiko taldekidea izandakoa hastapenetatik, Beloki handiak, taldea uztea erabaki zuen. Kolpe bat bestearen atzetik”.

Gertaera guzti hauen ondorioz, ibilbidea etetea erabaki zuen Anestesiak, baina horrela desegiteak “oso aho zapore txarrarekin” utzi zituen taldekideak, eta beste saiakera bat egitea erabaki zuten. Behintzat azken Fenix kontzertu bira labur hartan egin ezinik utzi zituzten kontzertuak egin ahal izateko.

Horretarako, Lehendabizi, taldea ba ote zuten ikusi behar zen, “bateria jotzaile bila hasi ginen, jakinik Beloki ordezkatzea oso zaila zela. Hala izan da, baina, azkenean, urrutira joan gabe, Zarautzen bertan topatu dugu danborrak gogor astinduko dituen piztia. Albixu handia da, Folk Core, Humilitate, eta Burux Lee taldeetan ibilitakoa. Bera gurekin dela, eta taldea entsegu lokalean behar den indarrarekin ikusita, egin gabe utzi genituen bost kontzertu horiek egitea erabaki dugu”.

Oraingoan ez da Fenix bira izango, baizik eta honen ondorengoa. Fenix abestian kantatzen dituzten azken bi hitzak hartuz, Azken heriotza izendatu dute oraingo bira. “Ez genuelako horrela amaitu nahi 35 urteko ibilbide eder hau. Beraz, 2024. urtean kontzertu hauek egitea erabaki dugu. Zuek hor topatzea espero dugu, milesker aldez aurretik eta laster arte!”.

Aurreneko kontzertua Biarritzeko Atabalen eskainiko dute apirilaren 6an, ondoren, Donostiako Dokan izango dira apirilaren 13an, Atarrabiako Totem aretoan, berriz, maiatzaren 11n, Bilboko Kafe Antzokian maiatzaren 25ean, eta amaitzeko, Gasteizko Jimmy Jazzeko oholtzara igoko dira ekainaren 8an.

Zabaldu: