(argazkia: Balaunka)

Esne Beltza taldeak ‘Esne Bidea’ diskoarekin agur esango dio 17 urteko ibilbideari

Diskoa aurkezteko, 2024. urtean zehar Agur deneri izeneko azken bira bat egingo dute, eta 2025ean azken kontzertu berezi bat antolatuko dute, taldeari merezitako agurra emateko

Esne Beltzak Esne Bidea diskoa argitaratu du, Xabi Solano (ahotsak, trikitixa, gitarrak, oinarri elektronikoa), Lova Lois (ahotsak), Zigor Lampre (scratchak, samplerrak), Ion Mari Beasain (gitarra elektrikoa eta gitarra klasikoa), Aitor Zabaleta (baxua), Iban Zugarramurdi (bateria), Peio Gorrotxategi (teklatuak), Jon Elizalde Jontron (tronboia), Javi Perez (tronpeta) eta Jon Garmendia Txuria (hitzak) taldekideen azken lana izango dena. Zazpi abestiz osaturiko lan honekin agur esango dio taldeak 17 urteko ibilbide luze eta oparoari.

Azken diskoa dela esan dute, eta hala da, Esne Beltzaren azkena, “gure denbora lerroan zortzigarrena, eta badakigu azkena dela esateak bereganatuko duela atentzioa, «badoaz» «uzten dute» esanaz, baina merezi duen arreta eskaini nahi diogu egin dugun zazpi abestiko diskoari”, adierazi dute.

Abestien doinu guztiak Solanok berak sortu ditu. Hitzak, berriz, Jon Garmendia idazleak. Bakoitzak beretik emanda osatu dute urteotako ibilbidea elkarrekin, ehun kantutik gora sortuz eta Esne Beltzaren zuzenekoei kolorea, zentzua eta nortasuna emanaz.

Esne bidea AEBren artean sortu eta ekoitzi du taldeak, Rafa Sardina grabazio ingeniariaren eskutik. Taldekideek azaldu dutenez, “ohoreaz gain, plazera izan da lan hau berarekin egitea, Grammy sariez eta errekonozimenduaz at, musikari eskaintzen dion arreta eta maitasuna dagoelako beregan, guretzat denbora hartu du eta mimoz egindako lan hau da emaitza”.

Hainbat artistak kolaboratu dute azken lan honetan, horien artean daude: Unlearn The World Wahingtoneko MC-a, Sweet Barrio taldeko partaide Pucci abeslari madrildarra, Chambao, Rocky Dawuni abeslari ghanarra eta Xiberoots-eko Jon Etxekopar abeslari zuberotarra, besteak beste.

Diskoaren diseinua Omar mexikarrak egin du, GranOM. Artea erabiltzen du borroka sozialak laguntzeko, artea propagandarako, kontzientziak pizteko, herriari laguntzeko. Badu taldekideak guztiz identifikatzen dituen esaldi bat: “Tenemos que esforzarnos para hacer que cada instante con las personas que convivimos sea memorable, eso es arte”.

Ziklo baten amaiera

Taldekideentzat ziklo bat ixtea garrantzitsua izan da, “16 urteko ibilbidea dugu atzean, eta gure gustuko disko bat osatuta utzi nahi genuen, jarraitzaile izan ditugun milaka horien aurrean zuzenekoak eskaini eta agurtzeko urte oso bat hartuz, urratsak neurtu eta lasaitasunez hartu. Ez ditugu entzun nahi heriotza ezkilak, baizik ospatu egin nahi dugu hau dena, Esne Beltza familia osatzen duten horiekin guztiekin, entzuleak, ikusleak, jarraitzaileak, musikari lagunak, hedabideak, denak zaku berean sartuta”.

Lehenik Durangoko Azoka, “euskara eta euskal kulturaren mainstream bilakatzen ari dena, eta hori begi onez ikusten dugu, euskaldunok beharrezkoak ditugulako halako bilakaerak; isilpean eta kostata lan asko egin du jende askok azoka hau neurri honetara ailega dadin, hizkuntza eta kultura hegemonikoen aurrean zintzotasunez egindako lana. Euskararekin ibili gara munduan, gure neurrian mundura eraman dugu, eta beste hizkuntzekin batera elkar hartu, jolastu eta sortzeko bidea izan da, haien parean jarri eta elkarrekin mundu koloretsuago eta aberatsago bat egiten dugula ulertzeko modua. Durangora ailegatu nahi genuen guk ere, gure jarraitzaileak errezibitu aurrez aurre, gure begirune eta maitasuna helarazi, urteotan guztiotan eman diguten goxotasuna eskertzeko”.

Agur bira eta azken kontzertu berezi bat

Diskoa aurkezteko, 2024. urtean zehar Agur deneri izeneko azken bira bat egingo dute, eta 2025ean azken kontzertu berezi bat antolatuko dute, taldeari merezitako agurra emateko. “Lapurdin, Ziburuko muino batean dago Agur Deneri, handik itsasoa ikusten da, gure Kantauri, Higerko lurmuturra hegoaldean, Biarritzeko itsasargia iparraldean, Aiako harriak Gipuzkoan, Larrun Nafarroa Garaian, eta urrunago Pirinioak. Hortxe da gure Euskal Herria, azken diskoko abesti batek esaten duen bezala herri zahar bat historiaren besoetan, Esne Bidean, herri bat, berriz bat. Zazpi probintzietan, herriz herri aritu gara urteotan, lagun berriak egin ditugu, beso zabalik hartu gaituzte, eta hori dena kontuan hartu dugu agurtzerako orduan, 2024ko zuzeneko bakoitza festa eder bat izango da”.

Azken kontzertua 2025ean eskainiko dute, baina horren xehetasunak aurrerago eskainiko dituztela adierazi dute. “Orain Esne Bidea da gure atentzioaren jabe, abestiz abesti aletu nahi dugu, egindako lana agertu, kantu bakoitzari bidea egiten utzi, aldarrikapenak ahantzi gabe gure baikortasun eta alaitasuna zabaldu, funtsean hori baita Esne Beltza, izateko eta bizitzeko modu bat”.

Zabaldu: