(argazkia: Nafarroako Bertsozale Elkartea)

Julio Sotok irabazi du 2023eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa

Buruz burukoa Eneko Lazkozekin jokatu zuen txapeldunak larunbateko finalean.

2.350 lagun elkartu ziren larunbatean Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala zuzenean jarraitzeko. Bertsozaleren arabera, 15:00etan ireki zituzten aretoko ateak, eta behin pistako eta harmailetako aulkiak beteta, “17:00etan atera ziren oholtzara bertsolariak, inoizko finalik jendetsuenari hasiera emateko”. Zozketak erabakitako ordenan aritu ziren kantari bertsolariak: Joanes Illarregi Marzol, Josu Sanjurjo Altzuri, Saioa Alkaiza Guallar, Xabat Illarregi Marzol, Eneko Lazkoz Martinez, Saats Karasatorre Martinez, Sarai Robles Vitas eta Julio Soto Ezkurdia. Ainhoa Larretxea Agirrek, berriz, aurkezle lanak egin zituen, eta Ander Aranburu Arriola izan zen gai-jartzailea.

Saioaren lehen zatian, bost ariketetan aritu ziren zortzi bertsolariak: binaka zortziko handian, binaka zortziko txikian, banaka puntu erantzunean, binaka hamarreko txikian, eta banaka bakarkako lanean. Ariketa horietan Eneko Lazkozek eta Julio Sotok bildu zuten puntu gehien, eta, hala, bertsolari bi hauek aritu ziren buruz burukoan. Atal honetan, puntuka eta seiko motzean aritu ziren hasieran, eta ganbarako lanarekin bukatu zuten eguneko saio puntuagarria.

Horren ostean, txapeldunaren izena iragarri zuten. Hain zuzen ere, Julio Sotok, Nafarroako Bertsolari, Txapelketako bere hamaikagarren finalean eta 1048,5 punturekin, irabazi zuen txapela, bere ibilbidean seigarrena. Zehazki, horrela gelditu zen finaleko sailkapena: Julio Soto (1048,5), Eneko Lazkoz (1045,5), Xabat Illarregi (635,5), Joanes Illarregi (601), Saioa Alkaiza (594), Josu Sanjurjo (569,5), Saats Karasatorre (556) eta Sarai Robles (550,5).

Sei epailez osatutako epaimahaia izan zen bertsolarien lana epaitzeaz arduratu zena: Aimar Sagastibeltza Caballero, Amaia Telletxea Larretxea, Joseba Beltza Bengoetxea, Mikel Beaumont Arizaleta, Nerea Bruño Artazkoz eta Saioa Mitxelena Irazoki. Haien puntuazioek zehaztu zuten txapelduna eta sailkapen osoa.

Alaitz Rekondo Ferrerok jantzi zion txapela aurtengo irabazleari, eguneko unerik hunkigarrienetako batean. Modu horretan, bertsolari, gai-jartzaile eta azken hamabi urteetan Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakari gisara egindako ekarpena eskertu nahi izan zion elkarteak. Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen izenean, Ainhoa Markinezek eman zion Oaia Peruarena sortzaile beratarrak egindako artelana txapeldunari. Gainontzeko sariak Nafarroako bost kultur elkarteko ordezkariek eman zituzten (Atarrabiako Etxe Beltza eta Karrikaluze, Etxarri Aranazko Karrikestu, Irurtzungo Pikuxar eta Txantreako Euskaldunon Biltoki); hala, elkarte horiek urteetan bertsolaritzaren alde egindako lanari aitortza egin nahi izan zion antolakuntzak.

Zabaldu: