(argazkia: Kultur Sharea)

ETS taldeak bi hamarkada beteko ditu eta urteurrena ospatzeko ‘20 urte Zure Eskutik’ jaia antolatuko du BECen

2025eko martxoaren 22an izango da hitzordua eta, bertan, txupinazoa, herri-kirolak, haurrentzako jarduerak, erromeria… eta, eguna bukatzeko, taldearen kontzerturik handiena, sorpresaz beterik eta kolaborazio ugarirekin. Sarreren salmenta orokorra abenduaren 18an hasiko da.

En Tol Sarmiento taldeak bi hamarkada beteko ditu eta urteurrena ospatzeko 20 urte Zure Eskutik ekitaldia antolatuko du 2025eko martxoaren 22an. Egun horretan, gainera, agur esango diote orain arteko bira arrakastatsuari, agertokietatik aldi baterako urrundu baino lehen.

Hala, kontzertu erraldoi bat baino gehiago izango dela iragarri dute. ETSko kideek ekitaldi soziokulturalez beteriko egun oso bat antolatuko dute ikus-entzule guztientzat, taldearen bereizgarri eta arrakastaren eragile izan den kontzeptuari jarraikiz: herri-jaiak. Horrela, bada, Barakaldoko BECen jai-giroko egun bat eginez, talde arabarrak unibertso berezi bat sortu nahi du, bertako kulturari balioa emanez eta euskal folkloreari, euskal jaiei eta euskal musikari omenaldia eginez.

Txupinazoa, herri-kirolak, haurrentzako jarduerak, erromeria… eta, eguna bukatzeko, ETSren historiako kontzerturik handiena, sorpresaz beterik eta kolaborazio ugarirekin.

Taldekideek aurreratu dutenez, “gauzatzeko dugun azken ametsa BEC betetzea da. Gure publikoak esperientzia berezi bat merezi du, errepikaezina; horregatik, ospakizun handi bat prestatu nahi dugu, historikoa. Urtebete oso bat dugu lan egiteko, eta ziur gaude une gogoangarria izango dela gure ibilbidean”.

Sarreren salmenta orokorra abenduaren 18ko 10:00etan hasiko da, lasttour.org eta entolsarmiento.com webguneetan. Sarrera orokorrak ETSren eta talde gonbidatuen kontzertuetarako balioko du eta eguneko jardueretarako sarrera ere gehitu dakioke, aukeran. 12 urtetik beherako adingabeek sarrera merkeagoa izango dute. Joan-etorriak errazte aldera, autobusak antolatuko dituzte hainbat herritatik ekitaldira joan eta egun berean itzultzeko, betiere erreserba eginez gero viajesdivertis.com webgunean; honako herri hauetatik abiatuko dira autobusak: Altsasu, Zornotza, Arrasate, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bermeo, Donostia, Durango, Eibar, Ermua, Errenteria, Gernika, Irun, Iruñea, Lizarra, Oñati, Tafalla, Tolosa, Gasteiz eta Zarautz, eta herri gehiagotan ere egin ditzakete geldialdiak, jendeak eskatuz gero.

Zabaldu: