Zortzi gutun-kutxek eta zortzi gai pertsonalek osatzen dute 60 artelan baino gehiagoko erakusketa. Otsailaren 11ra arte egongo dira ikusgai Bolborategian.
Variopintas talde artistikoak Korrespondentzia izeneko erakusketa aurkeztu du Iruñeko Ziudadelako Bolborategian. Zortzi gai desberdinetatik abiatuta sortutako 64 lan biltzen ditu bilduma honek, 2020ko itxialdian hasi eta espero baino gehiago luzatu zen proiektu batean, izan ere, 2022ko martxoan Lezkairuko parke berrian inauguratu zen Aitzindarien bidea horma-irudia egiteko eten baitzuten.
Antolatzaileen esanetan, “Korrespondentzia proiektua zortzi gutun-kutxa eta zortzi gai pertsonalen inguruan mamitu da. Horietako bakoitzaren inguruan zortzi proposamen sortu dira, egiteko zortzi modu, prozesua amaitu arte sekretuaren eta ezustearen alde egiteko isiltasuna arau gisa ezarri zen korrespondentzia batean”. Korrespondentzia hitzaren adiera ezberdinekin jolastuz, aldian-aldian pakete bat eta gutun bat entregatzeak, elkarrekikotasuna materializatzea, artisten arteko komunikazioa, gai komun baten inguruko tratu pertsonala ahalbidetu zien artistei, distantziak gorde beharreko garai batean. Baina, era berean, Korrespondentzia proiektuak hitz horren funtsezko beste adiera bat ere badakarrela diote kolektiboko kideek: “batak bestea artatu eta zaintzeko ekintza”.
Variopintas kolektiboa
Honako hauek osatzen dute Variopintas kolektibo artistikoa: Leire Olkotzek, Idoia Iribertegik, Berta Suescunek, Mila Garciak (Similarte Estudio), Gabriela Barriok (Tea en la Azotea), Itziar Goñik, Rebecca Gilek eta Concha Pasamarrek. Mila Garciak miniaturan oinarritutako Historia txikienak proiektua aurkeztu du, pospolo kaxa bat bezalako espazio txiki batean egindako proposamen sortzaile baten bidez. Leire Olkotzen Emakume-begiradak lanak emakume batek sortutako obra bat aukeratu eta hura berrinterpretatzeko eta beste lan bat sortzeko proposamena dakar.
Gabriela Barriok (Tea en la Azotea), Variopintas taldeko kide bakoitzari leku bat aukeratzea proposatu dio, dela bera bertan izana delako eta partekatu nahi duelako, dela gainerako taldekideekin ezagutu nahiko lukeelako. Zortzi puntu geografiko horiek lotzen dituen alegiazko marraren trazadurari jarraituz, abentura zirkular bat sortu du Bidaldia lanaren bidez. Suescunek Aulkia lanaren bidez gauzatu duen proposamen sortzailearen oinarria altzari horren erreplika egitean datza, teknika artistiko askearen aukerari atea irekiz.
Rebecca Gilen Haurtzaroa iraganerako leiho bat da, gure oroitzapen eta bizipen maitagarrienak gordetzen dituen geure parte horrekin berriz konektatzeko eta besarkatzeko deia. Italo Calvinoren kontakizun labur batetik abiatuta, Iribertegik Villa Domenticatako lorategi zoragarriaren mapa imajinatu du, xarmaz eta misterioz betea. Varipointas taldeko kideetako bakoitzari mapa honen zortziren bat esleitu zaio, hura osatzeko.
Mataza, berriz, Goñiren kontakizun baten izenburua da eta zortzi paragrafotan kontatzen du Crucitaren bizitza. Horrez gain, erronka bat ere bada: emakume baten historia askotariko zortzi emakumeren begiradaren bidez irudikatzeko erronka. Azkenik, Pasamarren Basoa lanak sormenezko hurbilketak ahalbidetzen ditu, baita lurralde-errealitate eta errealitate mitiko baten askotariko zortzi ikuspegi ere, interpretazio agortuezinen bidez.
Tailerrak
Korrespondentzia izeneko erakusketa honen inguruan haurrei eta familiei zuzendutako sorkuntza artistikoko lantegiak antolatu dira Eguberrietarako. Lantegiak doakoak izango dira, baina aldez aurretik izena eman beharko da 948 420 100 telefonora deituta. Urtarrilaren 2an, 3an eta 4an egingo dira, eta kolektiboko kideek eskainiko dituzte.
Gainera, Urtarrilaren 2an eta 3an, familiei zuzendutako lantegiak egingo dira: 11:30etik 13:30era. Urtarrilaren 4an, ordutegi berean izango dira lantegiak, 11:30etik 13:30era, baina kasu horretan 7 eta 12 urte bitarteko haurrentzako izango dira.
Erakusketa otsailaren 11ra arte egongo da ikusgai.