Zaldibarren azken emanaldia eskaini ondoren, bi antzerki taldeak hasiak dira “xendra berriak urratzen”. Artedrama Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen Miñan obra taularatzeko lanean ari da jada. Axut! taldeak, berriz, “erronka eder bat” du eskuartean: Lurrez estali sorkuntza berria.
2022ko urriaren 14an abiatu zuen ibilbidea Luhuson Hondamendia antzezlanak. Urte pasatxo ibili da, beraz, Axut! eta Artedrama antzerki taldeen obra Euskal Herri osoa zeharkatzen, joan den abenduaren 29an Zaldibarrera heldu arte, biraren azken geltokia. “Zaldibarren piztu genituen azken aldiz argiak, maitasunezko hondamendia eman eta hartu genuen aldi berean, parez pare, zuzenean bihotzean barna eta denek batera «Zaldibar argitu!» oihukatuz atera ginen, fukoak itzali arte”.
Hondamendia antzezlanak bere bidea egin du jada, baina “opari gisa” sarean jartzea erabaki du lantaldeak.
Egitasmo berriak
Bi antzerki taldeak hasiak dira “xendra berriak urratzen”. Artedramari dagokionez, Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen Miñan obra taularatzeko lanean ari da jada. “Eleberritik antzezlanerako desafioa” da konpainiarentzat eta udazkenerako prest izango duela iragarri du.
Axut! antzerki taldeak, bere aldetik, “erronka eder bat” du eskuartean: Lurrez estali sorkuntza berria. “Izurako Latsaga gazteluan lur hartuko dugu heldu den udaberrian. Lurra izanen da gure gaia, gure oholtza, gure jostaleku. Gomita luzatuko dizuegu eta zuen beha egonen gara, ekaineko hiru asteburuz”.