Hogei zientzialari inguru arituko dira publikoarekin eztabaidan emanaldietan, Gasteizen, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Donibane Lohizunen
Zinema eta Zientzia zikloaren zazpigarren edizioak dilema zientifiko sakonenetan murgiltzea proposatzen du. Helburu horrekin, hamar film proiektatuko dira urtarriletik martxora bitartean Gasteizen (Artium Museoa), Donostian (Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa), Bilbon (EHUren Bizkaia Aretoko Mitxelena auditoriuma), Iruñean (Golem Baiona zinemak) eta Donibane Lohizunen (Le Sélect zinema). Horretaz gain, ikus-entzuleek nazioarteko ospea duten hogei bat zientzialarirekin eztabaidatu ahal izango dute askotariko gaiak hizpide hartuta, hala nola bonba atomikoa, adimen artifiziala eta biztanleriaren zahartzea.
Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostia Zinemaldiak elkarrekin antolatu dute zikloa, eta haren helburua da kultura zinematografikoa eta zientifikoa zabaltzea. Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariaren esanean, edizio honetan maiz hitz egingo da zientzia-komunitateek “inguruabar historiko eta geografiko oso jakinetan” planteatzen dituzten “dilema eta borrokei buruz”. “Robert Oppenheimer, Hedy Lamarr, Ignaz Semmelweis eta halako izenak bildu ditugu ziklo honetan, eta zinema klasikoa, garaikidea, fikziozkoa, ez-fikziozkoa eta animaziozkoa uztartuko ditugu. Hautaketa-irizpideari dagokionez, kalitate zinematografikoa lehenetsi da beti, eta, horretaz gain, filmek ikuspegi zientifikotik irakurketa bat egiteko aukera eskaintzea”, jakinarazi du.
Ricardo Diez Muiño Donostia International Physics Centerreko zuzendariak, berriz, zikloaren ospea nabarmendu du. “Handitu eta handitu ari da. Aurten mundu zabaleko pantailetan eman dute Robert Oppenheimer fisikariaren bizitza liluragarria. Hori aprobetxaturik, erakutsi nahi dugu askotariko ikuspegietatik plantea daitekeela zinemaren eta zientziaren arteko elkarrizketa, eta guztiak direla erakargarriak eta aberasgarriak. Ziklo honek ederki erakusten du zeinen konplexua eta ederra den zinemaren eta zientziaren arteko harremana, zein baino zein sormen handiagokoak”, gaineratu du.
Filmak
Zikloa urtarrilaren 11n hasiko da, osteguna, Oppenheimer (Christopher Nolan, 2023) filmarekin Gasteizen eta Donostian. Pelikula horrek bonba atomikoaren sorreraren historia kontatzen du, bai eta aurkikuntza horrek eragin zituen dilemak ere. Filma Pedro Miguel Etxenike fisikariak eta DIPCko presidenteak aurkeztuko dute Tabakaleran (urtarrilak 11), Bilbon (urtarrilak 13) eta Iruñean (urtarrilak 16). Ekitaldi berezi hau ospatzeko, Etxenike irakasleak hitzaldi bat eskainiko du proiekzioen aurretik (18:00etan) eta proiekzioak ohiko ordutegian izango dira (19:00etan).
Semmelweis (André de Toth, 1940) filmak Ignaz Semmelweis medikuaren figura nabarmentzen du. Sendagile hura prozedura antiseptikoen aitzindaria izan zen, eta hortzak erakutsi zizkion XIX. mendearen erdialdeko komunitate medikoari, erditu ondoren hiltzen ziren emakume askoren bizitza salbatzeko. Plan 75 (Chie Hayakawa, 2022) filma Canneseko Zinema Jaialdian eman zuten orain bi urte, eta zahartzearen auzia jorratzen du. Bombshell: la historia de Hedy Lamarr (Alexandra Dean, 2017) filmak, berriz, Hollywood klasikoko antzezle haren historia kontatzen du: ezkutuan geratu zen Lamarrek ikertzaile gisa eginiko lana, nahiz eta bera izan zen distantzia luzeetako haririk gabeko komunikazioaren aitzindari.
Horietaz gain, bi klasiko ere proiektatuko dira, zinemaren historiako izen garrantzitsuenetako batzuk protagonista dituztenak: batetik, Memorias de Africa (Sydney Pollack, 1985), Meryl Streep eta Robert Redford protagonista dituen filma, basa bizitzaren handitasuna erakusten duena; eta, bestetik, Baby hezten (Howard Hawks, 1938), Katharine Hepburn eta Cary Grantek antzeztutako komedia.
Vicente Arandak 1986an eraman zuen pantaila handira Tiempo de silencio, Luis Martin-Santos idazle eta medikuaren obra klasikoa. 2024an 100 urte beteko dira Martin-Santos jaio zela. Ekaitz perfektua (Wolfgang Petersen, 2000) aukera aproposa izango da meteorologiaz hitz egiteko, eta Mars Express (Jéremie Perin, 2023) animaziozko filma, berriz, adimen artifizialari buruz aritzeko. Azkenik, gai hori bera jorratzen da Zinema eta Zientzia zikloaren aurtengo edizioa itxiko duen filmean ere, hau da, Werner Herzog zinemagile alemaniarraren Theater of Thought (2022) obran.
Programa osorik emango dute Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Donibane Lohizunen, berriz, La vie du Dr. Semmelweis, Out of Africa, Mars Express, L’Imposible Mr. Bébé eta Oppenheimer ikusi ahal izango dira.
Azkenik, ikastetxeei zuzendutako goizeko saioak ere izango dira Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Saio hauetan, Mars Express (Jéremie Perin, 2023) proiektatuko da euskarazko azpitituluekin, eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Hitz ikerketa-taldeko Rodrigo Agerri eta Izaskun Etxeberriak aurkeztuko dute.
Sarrerak online eta leihatiletan eskuratu ahalko dira: Tabakaleran, Artium Museoan, Arte Ederren Bilboko Museoan (saioak Bizkaia Aretoan izango dira, pinakotekan obrak egiten ari baitira) eta Le Sélect eta Golem-Baiona zinema-aretoetan. Txartelek 3,50 eta 6 euro bitartean balioko dute. Informazio guztia www.filmoteka.eus atarian.