Euskararen aldeko ekimen erraldoia martxoaren 14an irtengo da Irundik eta, hamaika egunez Euskal Herri osoa igaro ostean, Baionan amaituko da, martxoaren 24an. Denetara 2.700 kilometroko ibilbidea izango da.
Ohiturarekin jarraituz, aurreko Korrika amaitu zen herrialde berean abiatuko da aurtengoa: Gipuzkoan. Aurkezpen-egunean iragarri bezala, Irunek emango dio hasiera, eta bertako San Juan plazatik abiatuko da, arratsaldeko 16:00etan. Lehendabiziko egunean, Gipuzkoa eta Lapurdi artean ibiliko da lasterketa, eta azken lurralde horretan arratsaldeko 17:00ak aldera sartuko da, Hendaiatik. Hala, Lapurdin emango du lehendabiziko eguna, eta bertan egongo da ordu txikiak arte, Nafarroa Beherean murgildu arte, Donoztiritik. Gau berean, Zuberoara igaroko da eta, bertako hiriburua zeharkatu ondoren, berriro itzuliko da Nafarroa Beherera.
Martxoaren 15ean, ostirala, Nafarroara egingo du jauzi Korrikak Azkarate herritik, eta bertan emango du asteburu osoa. Bortzirietatik hasita, Pirinioak izango ditu helburu, eta handik hegoaldera egingo du, Iruñera arratsaldeko 17:15ean heltzeko. Hiriburua utzita, Erriberako norabidea hartuko du; gero, iparralderantz egin eta, Lodosa zein Lizarra atzean utzita, Arabako lurretan murgilduko da Mendialdetik.
Martxoaren 18an, beraz, Araba aldez alde zeharkatuko du, eta arratsaldeko 19:30ean helduko da Gasteizera. Hala, gaueko 22:00etan, Arabako hiriburuko alde zaharraren txanda izango da Korrikari harrera egin eta jarraipena emateko. Ondoren, Lautadara abiatuko da, goizeko 02:00etan bere herriburura, Agurainera, helduta. Ordurako, martxoak 19, asteartea, izango da, eta egun horretako egunsentiarekin batera utziko du Korrikak Araba, Nafarroako Sakanan sartzeko, Ziorditik; Altsasu, Bakaiku, Etxarri Aranatz, Irurtzun… eskuz esku ibiliko da lekukoa Gipuzkoara sartu arte.
Hala, Leitza eta Goizueta atzean utzita, Hernanitik sartuko dira korrikalariak 20:20 aldera. Hortaz, aurreikuspenek kale egin ezean, martxoaren 20ko asteazkena izango da lasterketa Gipuzkoako kostaldera heltzerako; gaueko 24:00ak aldera iritsiko da itsasertzera: ordurako, Oriora helduta egongo da, ondoren Zarautz eta Zumaiatik pasatzeko.
Tipi-tapa! Atsedenik hartu gabe, Debagoiena izango da hurrengo helmuga, handik Debabarrenera jarraitzeko: Bergara, Elgeta, Eibar, Elgoibar… Goiz osoa Gipuzkoan eman eta gero, Mutrikuk esango dio “hurrenera arte” egun eta lurralde horietan, 14:11n.
Bizkaiko kostaldetik asko aldendu gabe ibiliko da ondoren: Ondarroa, Lekeitio, Elantxobe… Gernikan 23:04an agertu arte. Itsasaldetik berriro ere gehiegi urrutiratu barik, martxoak 21, osteguna, izango da Bermeora heldutakoan, gaueko 01:31n. Egun horretan ailegatuko da, bestalde, Bilbora, ia bostetan puntuan: 16:59an. Ondoren, Ezkerraldea zeharkatu du, eta, gerora, Meatzalde eskualderantz joko du.
Hurrengo eguna ere, martxoak 22, Bizkaian emango du Korrikak, nahiz eta une batez Araban sartuko den, Artziniega eta Aiaraldea bisitatzeko. Otxandio izango da Bizkaiko azken herria, dagoeneko, martxoak 23, larunbatean, 00:12an. Asteburua helduta, iparralderantz joko du beste behin, Goierritik igarota, azkenik, Donostiara heltzeko 19:22an.
- Korrikaren azken orduak Gipuzkoatik Lapurdirako bidean izango dira, Nafarroara zertxobait sartuta: Oiartzun, Lesaka, Bera, Sara, Senpere, Biarritz, Angelu… Igandeko gau eta goizean zeharkatuta, Baionarat iritsiko da azkenik, eguerdian, 12:30ean. Mezua irakurriko dute ondoren, eta amaierako jai handia 13:30etik aitzina dago aurreikusia.
KORRIKA aplikazioa
Aurtengo nobedadeen artean, Korrika app-a da aipagarriena; aurreko ediziotik hona, guztiz itxuraldatuta datorrela dio AEK-k: hainbat atal berri ditu; “adibidez, Korrika Laguntzaile txartela txertatuta dakar, eta aplikazioaren baitan eramateko aukera eskaintzen du, mugikorrean bertan,. Horrez gain, astero Korrika Laguntzaileen artean egiten diren zozketak eta irabazleak agertuko dira bertan”.
Ibilbideari lotuta, aplikazioak beste inon baino lehenago ikusteko aukera eskainiko du, eta Korrika zuzenean jarraitzeko aukera ere emango du: furgonetaren geolokalizazioaren bidez, korrikalariek jakingo dute Korrika aurrerapenez ala atzerapenez datorren; hots, aplikazioaren erabiltzaileek une oro egiaztatu ahal izango dute nondik dabilen lasterketa. Horri lotuta, interesgarria da jakitea bilatzaile aurreratua duela: erraz ikusi ahal izango da non dagoen edozein herri, eskualde edota kilometro.
Amaitzeko, aplikazioak aukera ematen du Korrikaren inguruko jakinarazpen eta jakingarri garrantzitsuenen berri jasotzeko, orain arteko gertaerak, aurkezpena, abestia, ibilbidea…. IOS zein Android bertsioentzat dago eskuragarri, eta lasterketa bitartean gerta litekeen edozein gorabeherari buruz ere informatuko du.