Euskara erabiltzeagatik belaunaldiz belaunaldi jasandakoa ezagutzea da asmoa eta horri aurre egiteko euskaldunek erakutsi duten kemena ikusaraztea.
Bizkarsoro filmak euskararen aurkako jazarpenaren eta euskaldunen bizitzeko gogoaren historia kontatzen du. Josu Martinezek zuzendutako lana gaur iritsiko da zinema aretoetara Euskal Herri osoan. Ondoren, filma ahalik eta herri gehienetan erakustea garrantzitsua iruditu zaio UEMAri, “euskara erabiltzeagatik belaunaldiz belaunaldi jasandakoa ezagutzeko eta horri aurre egiteko euskaldunek erakutsi duten kemena ikusarazteko”. Horregatik, filma UEMAko kide diren herri guztietara eta ikastetxeetara iristeko erraztasunak eman nahi dizkie mankomunitateak udalei, eta elkarlanerako hitzarmena sinatu du Gastibeltza Filmak ekoizlearekin eta Dijitalidadea banatzailearekin, Azpeitian.
Hala, Martinezen filma UEMAko kide diren herri guztietan eskaintzeko baldintza bereziak adostu dituzte, filmaren ondoren solasaldiak gidatzeko eta emanaldiak ikastetxeei ere zabaldu ahal izateko aukerarekin. Gaurtik aurrera, beraz, UEMAko herri guztiek izango dute filma eskaintzeko aukera, eta emanaldiaren kostuaren erdia UEMAk hartuko du bere gain.
Dijitalidadea da filmaren banatzailea, eta bertako kide Gotzon Barandiaranen hitzetan “testuinguru jakin eta esanguratsu batean heldu da filma, euskararen eta euskaldunen aurkako erasoek ez dute etenik. Gure eskubideen aurkako etengabeko oldarraldi judizial batean dator Bizkarsoro, eta horrek erakusten du filmean gertatzen dena ez dela iraganeko kontu bat, baizik eta gaur egun ere gertatzen den erasoaldia”.
Martinezek egunotan adierazi duenez, “euskararen aurkako zapalkuntzari aurre egiteko tresnak badaudela erakusteko pelikula bat da Bizkarsoro”. Iritzi berekoa da UEMAko lehendakari Martin Aramendi ere. Adierazi duenez, “ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea leuntzeko, UEMAren ildoetako bat da herritarren kontzientziazioan eragitea, eta horretarako garrantzitsua da euskararen eta euskaldunen aurkako jazarpena nondik eta zergatik datorren erakustea ere”. Horregatik, filma erakustearekin batera, emanaldien ondoren solasaldiak dinamizatzeko aukera ere jaso dute sinatutako hitzarmenean.