'Arnasa betean' dokumentala proiektatuko dute otsailaren 7an

Euskarazko hiru film proiektatuko dituzte martxora bitartean Iruñeko Kondestablen

Programazioa gaur abiatuko da Fermin Muguruzaren Bidasoa 2018 – 2023 dokumentalaren emanaldiarekin, arratsaldeko 19:30ean.

Euskarazko hiru proiekziok, bi dokumentalek eta film luze batek, osatzen dute Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak urteko lehen hiruhilekorako Kondestable Civivoxean prestatu duten egitaraua. Hilean saio bat egitea aurreikusi dute, eta gaur, osteguna, 19:30ean izango da lehenengo hitzordua, Fermin Muguruzaren Bidasoa 2018 – 2023 lanaren eskutik. Hiru jardueretan sarrera librea izango da, edukiera bete arte.

Muguruzaren dokumentalak pil-pilean dagoen gai bat du ardatz: migrazioa. 2018ko udan Estatu frantsesak Bidasoako Pirinioetako’?

muga naturalaren pasagune batzuen kontrola eta itxierak ezarri zituen Europako gainontzeko herrialdeetara etorkinen sarrera eragozteko eta 10 hildako eragin zituen urtebetean. Zazpi pertsona hil dira 2021eko apiriletik Irun eta Hendaia arteko Bidasoa ibaiko uretan itota, eta beste hiruk tren batek harrapatuta galdu zuten bizia 2021eko urrian, Ziburun. Euskaraz proiektatuko da, gaztelaniazko azpitituluekin.

Dokumental horrek, ibaiaren bi aldeetako hainbat ekintzaileri –Harrera Sarea eta Bidasoa elkarteetako ordezkariei– ahotsa eta aurpegia jartzeaz gain, bizia galdu dutenak ere gogoan izango ditu; izena, adina, bidaia eta ametsak, hildako kopuru hotzen atzean dagoen istorioa eta pertsonak ezagutuko ditugu, eta horrela tragedia humanizatuko dugu. Gari Garaialde Irungo Harrera Sareko kide eta argazkilariak aurkeztuko du dokumentala.

Euskal emakume zinemagileei buruzko dokumentala

Otsailaren 7rako, 19:30ean, Bertha Gaztelumendik eta Rosa Zufiak zuzendutako Arnasa betean dokumentala eskainiko dute. Atzoko eta gaurko euskal emakume zinemagileak protagonista dituen lanak, gaiaren ikuspegi unibertsala aurkezten du. Hiru emakume urpekarik, itsaspeko bidaia batean, emakumeek zuzendutako filmetan zehar gidatzen gaituzte, eta haietan jorratutako gaiak, pertsonaiak, begirada, ametsak, aurrera ateratzeko ahaleginak eta, batez ere, zinemari eta gizarteari egiten dioten ekarpena erakutsiko dizkigute. Antolatzaileen esanetan, “aitzindariak ezagutuko ditugu, eta azken zinemaldietan arrakasta izaten ari diren zinemagile beteranoen edo gazteen lanek harritu egingo gaituzte”. Bi zuzendariek parte hartuko dute dokumentalaren aurkezpenean.

Azkenik, martxoaren 12an Mirentxu Purroy zinemagile iruindarraren Denboraren gibelean film luzearen proiekzioarekin amaituko da programazioa. Ikerri eskola-garaiko irudiak eta oroitzapenak pilatzen zaizkio eta bere haurtzaroko hainbat lagun erreskatatzen ditu Klara, pentsaera askeko andereño ausartaren bueltan. Gerran garaitutakoen seme-alaba mordoxka baten bidearen zati bat alaitasunez, musikaz eta askatasunez bete zuen andereñoak, Frankoren diktadurak hogei urte betetzen zituen 1956ko Iruñea hartan. Atzerabegirako bat da, Iruñeko frankismo-garaira, eta 19:30etik aurrera proiektatuko da.

Zabaldu: