(argazkia: Ordiziako Udala)

‘Ahoz Aho’ Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia otsailaren 15ean abiatuko da Gipuzkoan

Martxoaren 23an, Tolosako Amarotzen, 12:00etan, Paul Urkijo zinemagile gasteiztarrak jasoko du aurtengo Urrezko Kalabaza saria.

Ordizia eta Tolosa zutabe nagusi izango dituen Ahoz Aho jaialdia Otsailaren 15etik martxoaren 27ra bitartean egingo da aurten. Gune nagusiak bi herri hauek izango diren arren, Gipuzkoako 20 herri baino gehiagotara zabalduko da Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdi hau: Arrasate, Segura, Hernani eta Aramaio dira horietako batzuk.

Denetara nazioarteko 25 artista baino gehiagoren 50 ikuskizun eskainiko dira hamazazpigarren edizio honetan. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak azaldu duenez, “aurten ere oso pozik gaude Ahoz Aho programa ospatuko dugulako. Elkarlanean programa zabala antolatu dugu, eta gurean izango ditugu Euskal Herriko zein atzerriko puntako ipuin kontalariak. Euskal kulturaz eta atzerrikoaz gozatzeko aukera izango dugu honela. Ipuinen bidez emozio eta sentimenduak azaleratuko ditugu aurten ere”.

Gainera, XII. Ipuinen Ahozko Narrazio lehiaketa ere egingo dute. “Oso lehiaketa ederra da. Edonork parte har dezake, profesionala izan edo ez, eta zortzi minutuko istorio, ipuin… bat kontatu beharko dute partehartzaileek. Sailkapen Saioa otsailaren 17an, larunbata, egingo dugu D´elikatuzen, eta final handia, Ahozkotasunaren Gala Nagusia, martxoaren 22an izango da, Barrenan”. Bertan parte hartzeko deia egin dute, intujai@gmail.com helbidearen bidez izena emanda. Epaimahaiak eta publikoak erabakiko dute zeintzuk izango diren aurtengo irabazleak. Lehen sailkatuak 300 euro eskuratuko ditu, 200 bigarrenak eta 100 hirugarrenak.

Martxoaren 23an, bestalde, Paul Urkijo zinemagile gasteiztarrak aurtengo Urrezko Kalabaza saria jasoko du Tolosako Amarotzen. “Bere filmetan euskal iruditeria modu bikainean eta arrakastatsuan islatzen jakin izan du, euskal ipuin tradizionalen mundu magikoa publiko zabalera ezagutaraziz, Euskal Herrian zein nazioartean. Hori guztia euskaraz egin du”, nabarmendu du antolakuntzak”.

Zabaldu: