Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 40 bat museo eta ondare-erakunderen objektuak, piezak, artelanak, eskutitzak edota dokumentazioa aurkitu daiteke “MuseoTIK” atarian.
MuseoTIK lankidetzarako plataforma digital berria aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzak eta EAEko 40 bat museok. Atari honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako museo eta ondare-erakunde guztien bilduma, funts, objektu eta dokumentazioa dago katalogatuta eta digitalizatuta. Lan hori oinarritzat hartuta, plataforma berri hau lankidetzarako tresna izateko jaio da, bai museoetako 300 bat profesional eta langileentzako, baita gainontzeko erakunde publiko, unibertsitate zein herritarrentzako. Helburua da bertoko kultura-ondarea ezagutzera ematea, istorio, kontakizun eta aukera berriei bide emateko. Horretarako museoetako bildumak digitalizatuta erakutsiko dira MuseoTIK plataforman.
Baina plataforma digitala ez da ezerezetik hasten. MuseoTIK EMSIME webgunearen garapenetik sortu da, hau da, bertan EAEko museo eta bildumetako funtsen inbentario orokorra batzen duen Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak bultzatutako aplikazioa. Beraz, alde batetik, MuseoTIK ataria jarraituko du izaten museo-bildumen dokumentaziorako eta digitalizaziorako erreferentziazko katalogoa; eta bestetik, eraldatu egin da ikuspegi eta behar berrietara egokitzeko. “Orain, eskuragarriagoa, anitzagoa, eta inklusiboagoa da”, azaldu dute.
Bestetik, MuseoTIK lankidetzarako proposamen digitala ere bada. Izan ere, digitalizazioa eta parte-hartzearen bitartez, bildumen eta gainerako jardueren hedapena erraztuko die museoetako 300 bat langile eta ordezkariri beren banakako hedapen-estrategiak osatzeko. Era berean, euskal ondarea ezagutzeko, gozatzeko eta harekin lankidetzan aritzeko nahia sentitzen duten pertsona, talde edota kultura-eragile guztientzako gunea ere bada.
Hala, MuseoTIK ondarea gorde eta zaintzeaz gain, interpretatzeko eta hedatzeko asmoarekin jaio da: Museo-jardueran inplikatutako eragile guztiak integratu nahi ditu, euskal museoetako ondareari balio erantsia eman, eta guztion artean, kultura nortasuna nabarmentzeko narratiba berriak sortu.
Atariak eskuragarritasuna, nabigazio aukera berriak, bistaratzeko esperientzia berriak, bildumei eta egileei buruzko edukiak, museoetako jarduera-agendaren bitartez, kultura-ondarea bizitzea ahalbidetu, norberaren gustuetara egokitzeko eta norberaren gustu edo ekarpenak egiteko aukerak eskainiko ditu.