(argazkia: Laburbira)

Laburbira zikloan parte hartzeko izen ematea zabalik da

Otsailaren 29ra arte egongo da epea zabalik. Berrikuntza gisa, ikusleek film-labur onena hautatzeko aukera izango dute aurtengo edizioan.

Euskaraz sortu eta ekoitzitako film-laburren zirkuitura film laburrak aurkezteko epea zabaldu du Euskaltzaleen Topaguneak. Hala, otsailaren 29ra arte edozein zuzendarik bere lana aurkezteko aukera izango du webgunearen bitartez.

Egitasmoan aurkeztu ahal izateko filmak euskaraz sortu beharko dira, eta antolatzaileek azaldu dutenez, “2023an zehar ekoiztutako pelikulak, fikziozkoak eta 20 minututik beherakoak” izan beharko dira.

Martxoaren lehengo astean antolakuntzak film laburren aukeraketa bat egingo du. Lan horiek izango dira 21. edizioko Laburbira zikloa osatuko dituztenak eta herriz herri bidaiatuko dutenak, apirilaren 12tik maiatzaren 12ra bitartean. Aukeraketa egiterakoan zenbait irizpide izango dira kontuan: “publiko guztientzako lanak izan daitezela; sortzaile berrien eta izen handikoen arteko oreka mantentzea; sortzaileen lurraldetasuna eta genero aniztasuna; genero ikuspegia; eta filmen bestelako ezaugarriak: euskalki aniztasuna, umorea, animazioa, lan esperimentalak, sentsibilizazioa lantzen dutenak…”, zehaztu dute

Euskarazko film laburrak

Ekimenak bi helburu nagusi ditu: zinemagintza hauspotzea eta herritarrei euskaraz sortutako film-laburrak ezagutaraztea.

Topagunearen araberan, “20 urteotan bide arrakastatsua egin du Laburbirak eta euskal zinemagintzaren erakusleiho erreferentziala bihurtu da. Izan ere, zinema ekoiztea izatez da jarduera zail eta garestia. Ondorioz, film-laburren sorkuntza da zuzendariek zinemaren industrian hasteko daukaten modu bakarra. Zentzu honetan, Laburbirak berebiziko garrantzia du autoreei eta beraien lanei ikusgarritasuna emateko orduan, eta zirkuitu egonkor eta zabala eskaintzen duen neurrian, industria osoaren pizgarri moduan ere eragiten du”.

Zabaldu: