(argazkia: AEK-Korrika)

Euskaltegietarako 23. Korrikari buruzko unitate didaktikoak kalean dira

Korrikaren historian bidaia egitea proposatzen dute, besteak beste.

AEK-k eta Korrikak 23. edizioa ardatz duten unitate didaktikoak aurkeztu dituzte gaur, Amaia Lopez de Luzuriaga eta Joseba Irazabal egileekin batera. Aurkezpena Altsasuko Itsasi AEK euskaltegian egin dute.

Aurrena, unitate laburrak topatuko ditugu webgunean. Azaldu dutenez, “albiste motzak dira, edizio honetako kanta aitzakiatzat hartuta, Korrika badatorrela iragartzekoak”. Ataza horiek abenduan argitaratu ziren, kanta publiko egitearekin batera. Horrez gain, behe-mailetarako, Ane Elordi Korrikako arduradun nagusiari egindako elkarrizketa ere txertatu dute. Unitate horiei lotuta, hamabi galderako Kahoot jolasa sortu dute, behe-mailetako zenbait eduki errepasatzeko aukera emateko.

Horrez gain, Korrika ibilbidearen jolasa dago; urtero argitaratzen da, baina aurten nobedadeak dakartza. Horien artean, online galdetegia dago. “Horri esker, paperezko txartelak mozten ibili beharrean, irakasle-ikasleek online irakurri ahal izango dituzte galderak”. Korrika ataleko txartelei dagokienez, ohiko galderez gain, “audioak eta bideoak” topa daitezkeela nabarmendu du Lopez de Luzuriagak. Unitate labur horri amaiera emateko, euskara-ikasleek Korrika aplikazioaren inguruko albiste bat irakurri ahal izango dute, ibilbidearen inguruko xehetasunak jakiteko.

Azkenik, unitatearen zati nagusia daukagu: Joseba Irazabalek sortua, Korrika historian du izena, eta gehienbat online egitekoa da. “Bertan, ikasleari ibilbide birtual bat proposatzen zaio: Korrikatik Korrikara bidaiatzeko aukera izango du, hainbat hamarkadatan”.

Lehendabiziko pantailetan, unitate osoko lanen azalpena aurkituko du erabiltzaileak. “Ondoren, bideo batek Korrikaren historia gogoraraziko digu, eta, hori ikusita, garaia hautatzeko pantailara helduko gara: Korrika 80ko hamarkadan, Korrika 90eko hamarkadan ala Korrika XXI. mendean. Gure proposamena hirurak jarraian egitea da, azaldu du Irazabalek.

Garaia aukeraturik, “beste bideo batzuk zabalduko zaizkigu, zeinek hamarkada bakoitzean Korrika nola garatu zen erakutsiko diguten, garai horretan euskarak eta munduak nolako egoera bizi zuten informatzeaz gain. Horrekin guztiarekin batera, hizkuntza- eta ulermen-jarduerak ere aurkituko ditugu bertan”, zehaztu dute.

Lotura hemen: https://www.korrika.eus/eu/unitatedidaktikoak

Zabaldu: