(argazkia: Loraldia)

Loraldia Festibalaren hamargarren edizioak euskaratik sortzen den mundua ikusteko begirada propioa erakutsiko du

Martxoaren 1etik 23ra bitartean, euskarazko kulturaren topagune honetan 28 jarduera izango dira, euskal kulturaren adar guztiak ukitzen dituztenak. Hala, martxoan zehar, Bilboko hainbat gune 120 artista baino gehiagoren ekitaldiekin beteko dira.

Munduari begiratzeko modu bat, horixe da Loraldia Festibaleko aurtengo edizioaren leloa. Lelo hau Kirmen Uribek idatzitako poema batean jasoa, aurtengo festibalaren programazioan parte hartzen duen Munduari begiratzeko ikuskizunak eskainiko duena, hain zuzen ere.

Aurtengo Loraldia Festibalak martxoko hiru astetan zehar euskaraz sortzen den kultura eskaintzaren munduko txoko guztien erakusleihoak herritarren aurrean jarriko ditu: bertsolaritza, teatroa, musika, zinea, dantza, ikus-entzunezkoak…

Euskal kulturaren bilgunea izanda, euskal munduan erreferenteak diren hainbat izen aurkituko dira: Kirmen Uribe, Jon Sarasua, Lorea Agirre, Miren Narbaiza, Toti Martinez de Lezea, Mikel Urdangarin, Nerea Arrien, Jon Maia, Rafa Rueda edota Patxo Telleria, besteak beste. Guztira 120 sortzailetik gora.

Gainera, Loraldia Festibala sortzaile gazteentzako espazioa izango da aurtengoan ere, eta horregatik Loraldia Terminalean zenbait artista emergente izango dira: Araitz Katarain, Izaro Bilbao, Iñigo Xalbador, Janire Arrizabalaga, Amaiur Luluaga edota Eñaut Zubizarreta.

Euskal kulturaren erakusleiho izateaz gain, Loraldia Festibala kulturaren eragile ere bada, eta horregatik aurten ere ekoizpen propioak diren edo Festibalerako propio sortu diren piezak izango dira.

Aurtengo jaialdirako sortu diren piezak

Urtero-urtero, Loraldiak euskal kulturan parte hartzen du Festibalerako produkzio propioak ekoitziz. Gainera, sortzaile askok Loraldiaren agertokia erabiltzen dute beraien azkenengo obrak plazaratzeko.

Kulturaren sustatzaile den bezala, 2022. urtetik Loraldiak Sormen Digitala Beka deitzen du, euskal sortzaile zein eragileei zuzendutako proiektu digital bat sortu eta ekoizteko laguntza. 2022ko bekaren irabazleen uzta aurtengo Loraldia Festibalean estreinatuko da: Gorputzaren atzean izeneko ikuskizuna eta mundu digitala eta analogikoa bilduko dituena. Osagaiak, teatroa, dantza eta ikus-entzunezkoak. EHUko irakasle talde bat da eragilea eta Katixa Agirrek idatzi du gidoia.

Istorioa 2050. urtean gertatzen da, eta etorkizun horretan pertsona guztiek biki digital bat izatea normaltzat jotzen da. Poluxek, protagonistak, bere biki digitalarekin (Xulop) konexioa galdu du. Xulopek datu asko galdu ditu, baina bere bizitzaren inguruko zenbait oroitzapen ditu oraindik. Martxoaren 3an taularatuko du Bilboko Alondegian.

Aurtengo festibaleko ediziorako espreski sortu diren egitasmoak ere izango dira. Goroldirik ez. Andreak eraztun berdean, esaterako, da horietako bat. Natura eta kultura, gure identitatearen zutabeetako bi, uztartzen dituen proiektua da. Mendi ibilbide gidatu honetan, Bilboko hainbat emakumeren bizitzak ezagutzeko aukera eskainiko da, beti ere hiriko mendi eta basoen ikuspegiekin gozatuz. Irati Agirreazkuenaga izango dugu gidari lanetan eta tartean, musikaz gozatzeko aukera ere egongo da, Miruak taldea eta Jatorki abesbatzaren eskutik. Martxoaren 16an izango dugu ibilaldi kultural honetaz gozatzeko aukera.

Bihar, Atzo, Gaur, Bihar ikuskaria ere 2024ko festibalean ikusiko da lehenengoz. Loraldia festibalak sortutako formatu honetako ikuskizuna urtero antolatzen da, bertsolaritza, musika eta literatura uztartuz. Loraldiak idazle bati eskatzen dio geroari begira jarri eta testu bat asmatzeko; eta horren gainean musika sortuko da eta bertsolariak arituko dira. Martxoaren 17an Guggenheim Museoko entzungelan Iban Zalduak sortutako testua irakurriko du, Ibil bedi talde nafarrak musika jarriko dio eta Miren Artetxe eta Alaia Martin arituko dira bertsotan, Amaia Agirreren gidaritzapean.

Musikaren presentzia

Aurtengo festibalak hasieratik izango du musikaren presentzia. Sustraien Matxinada ekitaldian, kasu, folklorea, jazza eta musika klasikoa uztartuko dira, eta literatura izango dute lagun. Tradizioa eta modernitatea elkartuko dira oholtzan, kulturaren XXI. mendeko ikuspegi berri bat bilatzeko. Bertan hartuko dute parte Gorka Hermosak, Garikoitz Mendizabalek, Toti Martinez de Lezeak, Nerea Arrienek eta Leire Bilbaok. Martxoaren 5ean izango da hitzordua Bidebarrieta Liburutegian.

Munduari Begiratzeko proiektuaren hazia duela 20 urte jaio zen New Yorken. Kirmen Uribek, Mikel Urdangarinek, Rafa Ruedak, Bingen Mendizabalek eta Mikel Valverdek euskal kultura eta euskara beste kontinente batera eraman zuten, eta euskal poesia, kantagintza, zinema, rock alternatiboa eta ilustrazioa mundura zabaldu zituzten. Bi hamarkada geroago proiektu hori berreskuratu dute, berriro mugarri bat izateko asmoz. Martxoaren 13an izango da emanaldia Arriaga Antzokian. Ekitaldia baino lehen Ixiar Orejak gako interpretatiboak eskainiko ditu, Loraldiak antolatu duen ikusletegian.

Egungo euskal musika taldeek ere bere tokia izango dute Loraldia Festibalean. Martxoaren 14an Arriaga Antzokian Neomak taldearen sorginkeriaz betetako doinu hauskorrak entzungo ditugu. Gainera, kontzertua baino lehen, taldea hobeto ezagutzeko aukera izango dugu Agurtzane Intxaurragak eskainiko duen ikusletegian.

Ai gure juaneteak! Patxo Telleriaren proposamen berria da eta Loraldian estreinatuko du. Musika eta antzerkiaren nahasketaren emaitza da. Mikel Laboaren zenbait kanten berrinterpretazioak izango dira agertokian, gure ondare emozionalaren ezinbesteko zatiak gaur egungo begiradatik ikusteko aukera izango dugu. Harekin batera eszenatokian izango dira Adrian Garcia de los Ojos eta Maider Lopez. Estreinaldia martxoaren 15ean izango da, Itsasmuseumen.

Hurrengo egunean, martxoaren 16an eta Itsasmuseumen baita ere, Jean Mixel Bedaxagar musikariak bere seigarren lana aurkeztuko du, Erresiñula kantari.

Pasa den udazkenean argitaratutako lan berri hau ezagutzeko aukera izango da, beraz. Bedaxagarrek 30 urte daramatza bere artea fintzen: dantza, txirula eta kanta.

Jon Maiaren azkenengo lana, Kantu berri bat gara, 2021. urtean kaleratutako Kantu bat gara lanaren jarraipena da. Kasu honetan, berriak diren abestiak izango dira ekitaldi honen protagonista, nahiz eta beste zenbait abestiren bertsioak ere egongo diren. Gonbidatu bereziak ekarriko ditu Maiak. Kontzertu honetaz gozatzeko aukera izango dugu martxoaren 23an Euskalduna Bilbao.

Literatura, berbaldiak eta gogoetak

Gogoeta egiteko eta pentsarazteko tartea izango da ere izango da jaialdian. Euskara Bihar berbaldi-saioak hirutan izango dira festibalean, euskararen etorkizunaren inguruko hiru gogoeta diferente. Jon Sarasuak, Xan Airek eta Gartzen Garaio Atxurrak gure hizkuntzaren etorkizuna, hizkuntzak dauzkan eta izango dituen erronkez, Iparralderen eta Arabaren egoeraz… hausnartu egingo dute hiru saiotan.

Uxue Alberdik eta Begoña Durrutyk belarritik sartzen diren ipuinak liburu batean batu dituzte: Belarriko kilkerra. Liburu honen aurkezpena Loraldia Festibalaren barruan egingo da, martxoaren 7an.

Aurtengo esperientzia digitala Hiria Lokatzetan podcastaren zuzeneko emanaldia izango da. Martxoaren 10ean Lokatza podcastaren egileek hiriaz, naturaz, kontrolaz, turistez eta hamaika gai gehiagoren inguruan hausnartuko dute.
Goiz horretan Guggenheim Museoan arituko dira Ainara Lasa. Amagoia Gurrutxaga, Idurre Eskisabel, Lorea Agirre, Miren Narbaiza, Miren Amuriza eta Lizar Begoña, narrazioak, irudiak, bertsoak eta musika uztartuz.

Dantza, zinema, teatroa

Dada ü Lala eta Arma Tiro Pum aurtengo festibalean estreinatuko diren bi teatro pieza txiki dira. Alde batetik Josune Mendizabalen eta Ane Gebararen umore absurdoa bueltan izango dugu oholtzetan, “dadaismoa” jorratzen duten bitartean. Eta, bestetik, Aitor Vinagret izango dugu foku azpian. Hitz gutxiko obra honetan haur bat patinetearekin jolasten dabil, munduko tokiren batean. Martxoaren 10ean taularatuko dira La Fundicionen.

Artxibo Biluzia ekintza eszenikoa, dokumentua, performancea eta antzerkia lotzen dituen obra da. Bi aktore izango dira oholtzan, Joan Mari Torrealdairen kasuaren ikerketa abiatzen. Martxoaren 12an izango da, Arriaga Antzokian.

Iparraldeko dantza talde baten esfortzuaren fruitua da Bilaka kolektiboaren Mitologia Txikiak ikuskizuna. Euskal mitologia oinarri hartuta, zenbait dantza pieza sortu dituzte gure irudimen kolektiboa osatzen duten ipuin eta kondaira desberdinak irudikatuz. Martxoaren 19an izango da, Alondegian.

AMAraunek amatasunaren gaian zehar bidai bat egitera gonbidatzen gaitu. Oihana Iguaranen proposamena, Amaiur Luluaga bidelagun izango duela. Bidai honetan dantza, gorputzak, ahotsak eta bertsoak protagonista izango dira, eta, nola ez, baita amatasuna ere. “(Ama) izan ala ez izan” izango da ekitaldi honen abiapuntua, eta hortik hasita amatasunaren ereduez (ezagutzen ditugunak eta ezagutu nahi ditugunak), erabakia hartzerako momentuan eragiten duten faktore desberdinez, zalantzez… hitz egingo da martxoaren 20an.

Zinemak ere bere presentzia izango du aurtengoan, Bizkarsoro filmari esker. Josu Martinezek zuzendutako fikzio hau existitzen ez den herri batean ematen da, Bizkarsoron. Guztira 5 istorio kontatzen dira ikus-entzunezko pieza honetan. Proiekzioa martxoaren 17an izango da, EHUko Bizkaia Aretoan.

Harrobi dantza konpainiaren Geure(R)a ikuskizunarekin agurtuko dute Loraldiaren 10. edizioa. Dantza bertikala eta bideo-mappingaren arteko elkarrizketa izango da protagonista, eta hari narratiboak emakumeen inguruko memoria zalantzan jarriko du: Nortzuk dira gaur egun sorginak? Eta nortzuk dira zapaltzen dituztenak? Martxoaren 23an, Kantu berri bat gara emanaldiaren ondoren, Euskaldunan izango da hitzordua.

Amaitzeko, urtero bezala, Loraldia Festibalak talentu berriarentzako espazio bat erreserbatuko du. Bertan hiru ekintza egongo dira Loraldiako sormen berriaren harrobian: Itzal(iko) bagina; Doodem, Trigger; eta Sarri min ematen du akordatzeak. Ekintza guzti hauek martxoaren 22an izango dira Zorrotzaurre irlako La Terminalen.

Zabaldu: