Bihar izango da emanaldia arratsaldeko 19:00etan.
Aurten ere izango du segida Poetika zikloak Donostian. Koldo Mitxelena Kulturuneak urtero antolatzen den irakurketa poetiko multzoa da, Jon Obesok eta Jose Luis Padronek koordinatuta eta Musikenek lagunduta. Orotara lau errezitaldi izango dira; aurretik, espezialistak aurkezpena egingo dute, gonbidatutako egilearen testuingurua eta poesiazko errealitatea kokatzen laguntzeko. Ikasle instrumentistek ere parte hartuko dute, irakurketari eduki musikala emateko. Saio guztiak 19:00etan egingo dira, Koldo Mitxelena Kulturuneko Santa Teresa komentuko Ekitaldi Aretoan.
Hala, Iñaki Irazu idazleak eta Jabier Muguruza musikariak irekiko dute bihar, otsailak 21, aurtengo edizioa. Asteasuko idazleak Zakur zaunkak argitaratu zuen iaz Susa argitaletxearekin. Irazuren bigarren poema liburua da, Errukiaren saria argitaratu ondoren (Erein, 2018). Jabier Muguruzak diskoetan abesten dituen letretako asko Iñaki Irazuk idatzi ditu, eta, hain zuzen ere, laster argitaratuko duen diskoa, Lagun batek esan dit, poetari egindako omenaldi bat izango da.
Martxoaren 18an, astelehena, Andoni Salamerok, Aitor Furundarenak eta Andoni Egañak Arestian, egun…! izeneko ikuskizunaz hitz egingo dute, Gabriel Aresti idazle eta poetaren inguruan. “Proiektu berri eta eraldatzaile honek, Arestik bere poemen bidez bizi izan zuen garai zaila adierazteaz gain, hura eragin zuten gaiak azaleratzen ditu (euskara, justizia, kultura, egia, klase sozialen borroka, euskararen batasuna), eta egungo egoerarekin alderatzen ditu”. Topaketa girotzeko, Oskorri eta beste talde batzuen abestietara joko dute. “Furundarena akordeoilariak fusio bat egingo du garai bateko melodien eta soinu garaikideen artean. Sortzaile bakoitzak hobekien menderatzen duen esparrutik berrinterpretatuko du Aresti”.
Hirugarren hitzordua apirilaren 15ean izango da Mario Obrero (Madril, 2003) madrildarraren eskutik. Poeta gaztea zazpi urterekin hasi zen idazten eta orain arte liburu hauek argitaratu ditu: Carpintería de armónicos, Ese ruido ya pájaro, Peachtree City eta Cerezas sobre la muerte. RNEko Gente despierta irratsaioko mikrofonoetan laguntzen du, Un poeta en París poesia atala aurkeztuta. Orain, Un país para leerlo, Estatu espainiarreko La 2 telebista kateko literatura magazin berria aurkezten du.
Poetikaren edizio hau amaitzeko, Elena Medel izango da datorren maiatzaren 22an. Kordoban 1985ean jaiotako poeta eta literatura kritikaria da. La Bella Varsovia poesia argitaletxea zuzentzen du, eta hainbat literatura gehigarritan parte hartzen du. Honako liburu hauek argitaratu ditu: Mi primer bikini, Tara eta Chatterton poesia liburuak; El mundo mago, Todo que hay que conocer sobre poesía eta Erudición sobre hormigas y rositas entseguak; eta Las maravillas eleberria, hamabost hizkuntzatara itzulia.