(argazkia: Loraldia)

‘Gorputzaren Atzean’ egitasmoak 2050. urteko Euskal Herrira bidaliko du ikuslea Bilboko Loraldia Festibalean

Martxoaren 6an taularatuko da Alondegian. Gorputzaren Atzean artearen zenbait diziplina eta mundu digitaleko zenbait alor elkartzen dituen proiektua da. Ingurune digitalean sormena bultzatzea du helburu.

Loraldia Festibalak 25 jarduera baino gehiago antolatu ditu hamargarren edizioaren programazioaren baitan Bizkaia, eta Bilbo, euskal kulturaz zipriztintzeko asmoz. Ekintza horien artean aurtengo ediziorako propio sortutako piezak daude eta Gorputzaren Atzean da horietako bat.

Martxoaren 6an izango da estreinaldia, Bilboko Alondegian, 19:30ean. Gorputzaren Atzean Loraldiak antolatutako Sormen Digitala Bekaren lehenengo edizioaren emaitza da. EHUko irakasle talde bat dago atzean: Josu Rekalde, Katixa Agirre, Enrike Hurtado, Izarne Oyarzabal eta Patxi Azpillaga. Oholtza gainean, berriz, Ainhoa Artetxe aktorea ikusiko dugu.

Etorkizunera bidaia

Gorputzaren Atzean obrak 2050. urtean gertatzen den istorio bat kontatzen du. Urte honetan oso ohikoa da pertsona guztiek biki digital bat edukitzea, ingurune digitalean mugitzeko erabiltzen den erreplika birtuala, gizakiaren jokaera, itxura eta kontzientzia imitatzen dituenak. Istorio honen protagonista Xulop daukagu, Polux gizakiaren biki digitala. Xulopek bere gizakiarekin konexioa galdu du, lotura eten egin da. Horrek datu askoren galera eragin du, baina bere aurreko bizitzaren oroimen batzuk ditu oraindik. Bere giza originala aurkitzeko bidai batean murgilduko da protagonista, ezerezean galtzearen beldurrez.

Gorputzaren Atzean artearen zenbait diziplina eta mundu digitaleko zenbait alor elkartzen dituen proiektua da, eta ingurune digitalean sormena bultzatzea du helburu. Loraldia Sormen Beka Digitalaren helburua baita euskaraz sortutako lan, pieza eta proiektuek ingurune digitalean garatzea. Horrela, egitasmoak kontatzen duen istorioa Loraldiaren webgunean erakutsiko diren zenbait bideoren bitartez ikusi ahal izango da. Gainera, aldi berean, Instagram sare sozialean Xulop eta Polux hasi dira jada istorioa garatzen.

Bestalde, ingurune analogiko eta presentzialean, zuzeneko emanaldi baten bidez aurkeztuko da Gorputzaren Atzean. Bertan zuzeneko dantza, antzerkia, ahotsa eta musika bat egiten dute aurrez grabatutako zenbait ikus-entzunezko piezekin. Artea eta teknologiaren nahasketa harmoniatsua ikusiko dugu oholtzan.

Zabaldu: