Lehiaketa Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira antolatu da, eta helburua da gazte zein helduen artean euskaraz idazteko eta irakurtzeko zaletasuna piztea. Parte hartu nahi dutenek apirilaren 8ra arte izango dute lanak aurkezteko aukera.
Liburuaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Zornotzako Ipuin Laburren Lehiaketa’ abiarazi du Udalak. Euskarazko ipuin laburren lehiaketaren lehen edizioa izango da eta gazteei zein helduei dago zuzenduta. Antolatzaileen esanetan, “helburua gazte eta helduen artean euskaraz idazteko eta irakurtzeko zaletasuna piztea da”.
Lehiaketa bi kategoriatan banatuko da: bata 16 eta 22 urte bitarteko idazle gazteei zuzendutakoa, eta bestea 23 urtetik gorako helduei. Era berean, oinarrietan adierazten den bezala, aurkeztutako lanak originalak, argitaratu gabeak eta euskaraz idatziak (batuaz edo bizkaieraz) izan behar dira; horrez gain, ez dute 3.000 karaktere baino gehiago izan behar, espazioak, izenburua eta antolatzaileek emandako berariazko hasiera barne.
Lanak A4 formatuan aurkeztu beharko dira, lerroarte bikoitzarekin eta Arial letra-tipoarekin edo antzekoarekin, 12 tamainakoa gehienez. Testuak gutun-azal itxi batean sartu beharko dira, identifikazio pertsonalik gabe, baina zer kategoriatara aurkezten den adierazita; gutun-azal horren barruan, obrarekin batera, gutun-azal txikiago bat sartu beharko da, egilearen datuekin: izen-abizenak, telefono-zenbakia, posta elektronikoa eta NANaren kopia bat. Herritaren Arreta Zerbitzuan entregatu daitezke lanak, Udalean zein Zelaietan; era berean, Udalera ere bidali daitezke, posta arruntez.
Epaimahaiari dagokionez, Euskara Saileko eta Udal Liburutegiko teknikariek osatutako epaimahai espezializatu batek ebaluatuko ditu lanak. Kategoria bakoitzeko irabazleek tokiko produktuen saski bana jasoko dute, eta ipuin onena Udalaren webgunean eta tokiko komunikabideetan argitaratuko da. Sari banaketa ekitaldia 2024ko apirilaren 23an egingo da, Liburuaren Nazioarteko Egunean.
Oinarriak ikusteko, hemen.