(argazkia: AFA)

Gasteizko I. Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdia antolatu dute martxoaren 13tik 16ra

Iban Zaldua idazleak zuzenduko du jaialdia. Harkaitz Cano, Aintzane Usandizaga, Ana Malagon, Aixa de la Cruz, Joseba Sarrionandia, Pedro Ugarte, Mariasun Landa, Eloy Tizon, Isaac Rosa, Tina Valles eta Benizze dira hitzorduan parte hartuko duten sortzaileak. Nagore Fernandez-Zabala, Mari Jose Olaziregi eta Irati Majuelo akademikoek ere osatzen dute programa.

Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultura Etxeak Aldecoa, Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdia izenekoaren lehen edizioa antolatu du, martxoaren 13tik 16ra bitartean. Bertan, Araban dagoen potentziala aprobetxatu nahi da, “ipuinaren erreferente bihurtzeko, jadanik dena baino gehiago”, azaldu du antolakuntzak.

Programa, nagusiki, Arabako Kultura Etxean garatuko da, baina Arabako Unibertsitate Campusera ere zabalduko da, eta literaturan eta irakurketan interesa duen edonori zuzendutako tailerrak, hitzaldiak eta irakurketak eskainiko ditu.

“Ipuina, literatura genero gisa, inoiz baino biziago dago: argitaletxe gehienek beren katalogoetan eskaintzen dituzte, irakurleek generoarekiko duten zaletasuna adierazten dute, egileek ez diote inoiz ipuinak lantzeari utzi, eta Euskal Herria, gainera, potentzia bat da ipuingintzaren arloan. Hori guztia eta Aldecoaren aitzindari lanari eta geroagoko autore askoren lanari esker lurraldean ipuinaren arloan dugun potentziala ezinbesteko osagai izan dira jaialdi honen aldeko apustua egiteko. Izan ere, jaialdi hau luzaroan irauteko jaio da, eta urteroko kultura hitzordu sendotuetako bat izateko asmoarekin”, adierazi du Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru diputatuak.

Horren guztiaren jakitun izanik, Ignacio Aldecoa Kultura Etxeak Aldecoa, Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdia sortu du. Arabako Foru Aldundiak bultzatutako proiektua da, literaturaren eta liburuaren inguruko proposamen berezi bat eskaini nahi diena Gasteizko, lurralde historikoko eta aldameneko lurraldeetako herritarrei, Arabako hiriburua ipuin literarioaren nazioko eta nazioarteko erreferente bihur dadin.

Era berean, euskaraz eta euskaratik sortutako ekimen honek euskal ipuin literarioaren sorkuntza nabarmendu nahi du.

Iban Zaldua idazleak zuzendu du jaialdia eta Harkaitz Cano, Aintzane Usandizaga, Ana Malagon, Aixa de la Cruz, Joseba Sarrionandia, Pedro Ugarte, Mariasun Landa, Eloy Tizon, Isaac Rosa, Tina Valles eta Benizze dira hitzorduan parte hartuko duten sortzaileak. Nagore Fernandez-Zabala, Mari Jose Olaziregi eta Irati Majuelo akademikoek ere osatzen dute programa.

Jardueretan parte hartzea doakoa izango da, baina aurretik izena eman beharko da, webgune honen bidez: aldecoafestibala.araba.eus. Egitaraua ere bertan dago ikusgai.

 

Zabaldu: