Liburuak hamar idazleren lanak biltzen ditu, bakoitzak egokitu zaion herrian edo herri multzoan sortu eta landutakoak.
2021-2022 edizioan, hiru diziplina landu ziren Geuretik Sortuak proiektuan: literatura, antzerkia eta zinemagintza. “Edizio emankorra izan zen oso, 26 sortzailek eta 39 udalerrik hartu baitzuten parte”, adierazi dute Udalbiltzako kideek eta bigarren edizio hau ere emankorra izan dela nabarmendu dute; izan ere, 22 sortzailek eta 39 udalerrik hartu dute parte. Gainera, lehenengo edizioko hiru diziplinei (literatura, antzerkia eta zinema) laugarren diziplina bat gehitu zaio: komikia.
2023an zehar, beraz, sortzaileek egonaldiak egin zituzten egokitutako herrian, eta bertan garatu zuten haien lana. Egonaldi haiei esker, komikigintzan, Hona Bostekoa komiki-bilduma sortu da, antzerkigintzan, Eukalyptus, Olagarrua eta Eraitsi S.L., zinemagintzan Lau Elementuak filma, eta literaturan, Hamarreko bitxia.
Liburuak hamar idazleren lanak biltzen ditu, bakoitzak egokitu zaion herrian edo herri multzoan sortu eta landutakoak: Jon Abrilek Odolustu kontakizuna sortu zuen Atharratzen, Ainhoa Urienek Mapa ez da lurraldea Nafarroako Goi Erriberan, Maite Aizpuruak Esnatze basa Araitzen, Larraunen eta Betelun, Idoia Etxeberriak Bai, koanto! Ataunen eta Zaldibian, Edorta Jimenezek Alkolean Mutrikun, Maitane Perezek Piztiak esnatzen direnean Muxikan, Ajangizen eta Errigoitin, Saioa Alkaizak Arrazoiak Berriatuan, Lutxo Egiak Lisboako lausoa Seguran, Maddi Arocenak Gollebarren erroak luze Ziortza-Bolibarren, eta Gaizka Sarasolak Desagertzen Larrabetzun.
Hamarreko bitxia liburuak biltzen dituen hamar istorioak estilo eta kontaera oso desberdinetan idatzi dituzte, Euskal Herriko hainbat txokotako kontakizunak elkarlotuz lan bakar batean. Dijitalidadea aritu da edizio-lanetan, Josu Landa eta Gotzon Barandiaran hain zuzen ere, eta Ainara Azpiazu Axpi-k egin du azala.