(argazkia: Zart kolektiboa)

Sara Azurzak ‘Emakumeen Ahotsak’ zikloan hartuko du parte Basauriko Sozial Antzokian

Musikari donostiarrak martxoaren 9an aurkeztuko du azken lana, Hemen berriro, bere taldearekin batera.

Sara Azurza abeslari eta konpositoreak bere birarekin jarraitzen du eta Basaurin egingo du hurrengo geldialdia. Musikari donostiarra izango da Bizkaiko udalerri honetako Udalak martxoan antolatzen duen Emakumeen ahotsak zikloaren protagonistetako bat.Azurza bere musika taldearekin izango da bertan eta abesti ezagunenetako batzuk joko ditu, baina bere hurrengo albumaren aurrerapenen bat ere aurkeztuko duela iragarri du. Hala nola, Hiri ilunen umeak singlea. Honetan, berritasun gisa, instrumentu elektronikoak dira protagonista nagusiak.

Sarrerak eskuragarri daude jada Antzokiaren webgunean.

Hemen Berriro diskoa

Azurzaren lehen lan luzea da Hemen berriro. Diskoak biltzen dituen bederatzi kantek bizitzaren ziklo emozionalari buruz hitz egiten dute, eta ziklo horren barruko emozioak eta sentimenduak islatzen dituzte. Entzuten duenak badaki. Piztu kandelak lelopean, donostiarrak ahotsa erabiltzen du pertsona bakoitzak bere burua eta bere gorputza entzutearen garrantzia aldarrikatzeko. Horretarako, musika eta kandelak lagungarri zaizkio eta sinbolo bezala erabiltzen ditu disko osoan zehar.

Abeslariaren helburua euskal musikan nolabaiteko iraultza sortzea da, “oraingoz pop-soula euskaraz ez baita oso ezaguna”, adierazi du. Gainera, hainbat estilo tartekatzen ditu, horien artean daude funky-a eta elektronika bere abesti dantzagarrienean.

Zabaldu: