Salto! udalekuetan izena emateko epea zabalik da

UEMAk udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak antolatu ditu aurten ere. Bi txanda izango dira: ekainaren 24tik uztailaren 2ra, eta uztailaren 4tik 12ra. Martxoaren 31ra arte egongo da izena emateko epea zabalik. Ekimena ibiltaria izango da eta Arantzatik Elizondorako bidea egingo dute gazteek, Nafarroan barrena.

Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak martxan jartzea da UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei eta udalerri euskaldunei buruzko Hedatu hezkuntza proiektua abian du, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, LHko, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. Udalerri euskaldunak eta arnasguneak giltzarriak direla nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken urteotan. “Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua”, azaldu dute. “Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatzea eta saretzea lortu nahi dugu udaleku hauekin”.

Aurten, 2006. eta 2009. urteen artean jaiotako gazteek izango dute udalekuetan parte hartzeko aukera, eta lehen aldiz bi txanda izango dira: ekainaren 24tik uztailaren 2ra, eta uztailaren 4tik 12ra. “Azken urteetan bezala, ibiltaria izango da ekimena: Arantzan hasi eta, Doneztebe eta Oronoz-Mugaire zeharkatu ondoren, Elizondora iritsiko dira. Herri bakoitzean bi gau pasatuko dituzte gazteek, eta herri batetik bestera oinez mugituko dira”.

Izena emateko epea martxoaren 31n amaituko da.

Lau modutara eman ahal izango da izena:

· Hemen klik eginda eta datuak beteta.
· Telefonoz: 943 816699
· Posta elektronikoz: administrazioa@uema.eus
· Telegram edo Whatsapp bidez: 608 668 155

 

Zabaldu: