(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Ainhoa Urien, Onintza Enbeita, Sustrai Colina eta Xabi Igoa Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritzara batu dira

Lehendakaritza talde berria Bertsozale Elkarteak atzora arte izan zuen zuzendaritzara batuko da, eta sailetako arduradunekin, Lankuko zuzendariarekin eta lurraldeetako elkarteetako lehendakariekin batera partekatuko dute Bertsozale Elkartearen gidaritza.

Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Ohiko Batzar Nagusia egin zuten atzo Aguraingo udaletxeko pleno aretoan. Jorratzeko izan zituzten puntuak ugari izan arren, azkenak, lehendakaritzaren erreleboak, izan zuen interes handiena publikoaren artean eta aldaketaren erabakia aho batez hartu zuten bazkideek.

Hala, aurpegi berriak dakartza lehendakaritza taldeak, baina ez ezezagunak. Ainhoa Urien, Sustrai Colina eta Onintza Enbeita sartuko dira taldean, eta Xabi Igoak lehendakaritza taldean jarraituko du, aurrekoan ere kide izan baita. Zortzi kidez osatutako lehendakaritza talde honek 2018an hartu zuen lekukoa.

Lehendakaritza talde berria Bertsozale Elkarteak atzora arte izan zuen zuzendaritzara batuko da, eta sailetako arduradunekin, Lankuko zuzendariarekin eta lurraldeetako elkarteetako lehendakariekin batera partekatuko dute Bertsozale Elkartearen gidaritza.

Prozesuaren parte

Titularra lehendakaritza taldeak bereganatu du, baina ez da elkarteak aurkeztu zuen berritasun bakarra. Hain zuzen ere, elkarteko koordinaziotik adierazi dute erabakigune nagusietan partaideen erreleboa eta funtzionamendua berritzeko lanean ari direla.

Horrez gain, elkarteak bere lan ildo nagusien irakurketa ere egin zuen: 2023ko kontuak eta 2024ko egitasmoa landu ditu elkarteko sail eta herrialde bakoitzak.

Zabaldu: