Bilboko Euskalduna Jauregian izango da hitzordu berezia, maiatzaren 4an, arratsaldeko 19:00etan.
Errobi taldea sortu zenetik 50 urte pasa direnean, ospakizun kontzertu berezi bat iragarri du Mixel Ducau eta Anje Duhalde taldekideek.
Bilboko Euskalduna Jauregian izango da hitzordu berezia, maiatzaren 4an. Ateak 18:15ean irekiko dituzte, eta emanaldia 19:00etan abiatuko da.Taldeak bere ibilbide osoko abesti ezagunenak zaharberritu ditu zuzeneko honetarako, “gauzak aldatu dira. Soinua bera aldatu da. Mixelek egin dituen konponketa batzuk badira hor tartean, baina espiritua duela 50 urteko bera da”, azaldu du Duhaldek.
Ohikoak dituzten gitarra eta ahotsez gain, Duhaldek berak azken urteetan alboan dituen hiru musikariekin igoko dira agertokira: Txomin Duhalde bateria-jotzailea, Remi Gachis gitarra-jotzailea eta Iñigo Telletxea baxu-jotzailea.
Kontzerturako sarrerak salgai daude jada www.euskalduna.eus webgunean, 30 euro + kudeaketa gastuak prezioan edo 35 euroan egunean bertan.
Euskarazko lehen rock diskoa
Rockarena ez ezik, euskal kantagintzaren izen mitikoa da Errobi. Duhaldek eta Ducauk sortutako taldeak euskarazko rockaren lehen harria jarri zuen 70eko hamarkadaren erdialdean.
Euskal tradizioaren melodiari atxikiz, atzerritik heldutako doinu berrien harmoniak bereganatu zituen taldeak, Euskal Herriaren arazo kulturalaz eta politikoaz arduratutako hitzekin lagunduta. Ez zuen luze iraun, baina arrasto sakona utzi duten bost disko laga zituen ondare gisa. Errobi desegin eta gero, nork bere bidea musikari lotua egin dute Duhaldek eta Ducauk.
Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk lizeoan elkar ezagutu zuten, baina 1973an disko denda batean topo egin eta musikaz hitz egiten hasi ziren. Gustuetan bat zetozela ohartuta, elkarrekin talde bat egiteko asmoa agertu zuten. Garai hartan, Pabe aldeko Bacchanales taldean ari zen Ducau, eta Duhaldek bateria jotzen zuen El Fuego plaza taldean. Luze gabe, El Fuegon abesten eta gitarra jotzen hasi zen Ducau ere.
Handik eta gutxira sortu zuten Errobi eta euskarazko lehen rock diskoa grabatu izanaren ohorea du taldeak.